Itxi

Errezetak

Errezetak

Miniaturak

Bakailao-jogurta
Bakailao-jogurta
Osagaiak
  • - 8 bakailao tako, bakoitza 15g-koa
  • - Bakailao tripaki garbi-garbiak, 200g
  • - Erramu hosto bat
  • - Berakatz erdi
  • - Piper gorri laurden
  • - Tipula erdi
  • - Piper txorizeroa, koilarakada erdi
  • - Piperrautsa, kafe-koilarakada erdi
  • - Pipermin pixka bat
  • - Tomate-saltsa, koilarakada bat
  • - Irina, koilarakada erdi
  • - Arrain-fumeta, edalontzi erdi
  • - Urdaiazpiko takoak, 25 g
  • - Gatza
  • - Oliba-olioa
  • - 8 ganba ogi-azal, ekilore oliotan frijituta
  • - Parmentine patatak, 250 g
  • - Esnegaina likidoa, 125 g (%35 mg)
  • - Patatak egositako ura, 100 g
Prestaketa

NOLA PRESTATU

Hasteko, bakailao takoak tenperatura baxuan konfitatu eta gordeko ditugu.

Bestetik, tripakien saltsa egiteko, tipula, berakatza eta piperra oso fin txikitu eta zartagin batean oliba-olioa jarri. Bero dagoenean, barazkiak sartu eta sueztitu behar dira tipula garden geratu arte. Une horretan, urdaiazpikoa gehituko diogu. Hau ere sueztitu, irina gehitu eta ondo nahastuko dugu. Ondoren, piper txorizeroa eta piperrautsa gehitu eta berriro ere nahastuko dugu. Azkenik, tomate-saltsa eta arrain-fumeta bota behar dira, ondo nahastu eta irakin arte itxaron. Gero, 10 minutu utzi eta tripakiak gehituko ditugu. Berriz irakin arte itxaron eta azkenik, bost minutu gehiago utziko ditugu. Bukaeran gatza gehituko diogu, mahuka batean sartu eta gorde egingo dugu, maria bainuan, bero mantenduz.

Ondoren patata krema prestatuko dugu. Horretarako, patatak zuritu, zatitu eta egosten ipini behar dira gatz pixka batekin. Ur hotzetik hasi eta 20 minutuz utzi behar dira, gutxi gora-behera. Egosita daudenean, xukatu eta egosketaren ura gordeko dugu.

Patata egosia eta egosketaren ura Thermomix batean jarri 70º C-tan. Txikitu eta pixkanaka esne-gaina gehitu. Prozedimendu berbera jarraituko dugu 35 gramo olio gehituz, emultsio homogeneo eta fin bat lortu arte. Gatz puntua eman ondoren, patata-krema beste mahuka batean sartu eta bero mantenduko dugu maria bainuan.

NOLA AURKEZTU

Jogurt-edalontzi gardenean, hondoan epel dagoen bakailao konfitatu tako bat jarriko dugu. Jarraian, bakailao tripakiak bere saltsan eta, gainean, ganba ogi-azal bat. Gero, patata krema edalontzia bete arte.