Mihiluze
Saio berria
Antton Telleriak aurkeztuko du "Mihiluze" lehiaketa Ilaski Serranorekin batera
EITB Media
Bederatzi urteren ondoren, ETB1eko lehiaketa arrakastatsua eraberrituta itzuliko da, baina orduko arima galdu gabe. Umorea eta euskara ardatz hartuta, Antton Telleria aurkezle tolosarrak ondo baino hobeto islatzen du saioaren izaera, eta Ilaski Serranorekin batera aurkeztuko du "Mihiluze" berria.
Azken asteetan Kike Amonarrizen lekua beteko duen aurkezle berria bilatzeko ahaleginetan ibili ondoren, azkenik, posturako aurkezle aproposena topatu dute: Antton Telleria. Tolosarrak Ilaski Serranorekin batera osatuko du irailetik aurrera "Mihiluze" saioaren aurkezle bikotea. Lehiaketak euskara eta umorea ditu ardatz, eta "Mihiluze"ko bi aurpegiek ondo baino hobeto islatzen dute saioaren izaera hori.
Bederatzi urteren ondoren, ETB1eko lehiaketa mitikoa eraberrituta itzuliko da, baina orduko arima galdu gabe, besteak beste, Tribuaren berbak, Eroglifikoak eta Zazpikiak atalak mantendu egingo baitira. Hala ere, denbora ez da alferrik pasatzen, eta betiko proba kutunez gain, berrikuntza mordoa izango da.
Programaren irudiak, esate baterako, itxura modernoa eta koloretsua hartuko du, grafismoaren eta plato berrituaren bidez. Joko-dinamika antzekoa izanda ere, "Mihiluze" berrian, lehiakideen mahaiak presentzia handiagoa hartuko du, eta zenbait proba pantailan ikusteko aukera izango dugu.
Itxuran ez ezik, nobedadeak probetan ere izango dira, noski. Finalaurrekoan, adibidez, bi bikoteak Sokatira proban arituko dira buruz-buru. Sokari tiraka aritu beharko dute, aurkariak baino galdera gehiago asmatuz, eta, ondorioz, puntuak beren aldera ekarriz.
Lehiaketa entretenitua, jostaria eta umoretsua izango da; ondo pasatzeaz gain, irribarre batekin ikusteko moduko saioa. Edonola ere, tentsioa ez da faltako, batez ere saioak aurrera egin eta zakua irabazteko aukerak handitu ahala. Orio Produkzioak ekoiztetxeak egingo du saioa eta grabaketak aste honetan hasiko dira EITBko Miramongo egoitzan.
Euskal Telebistako programazio berriarekin estreinatuko da "Mihiluze" lehiaketa uda ostean. Astelehenetik ostegunera ikusi ahal izango da, 21:30etik aurrera, ETB1en, eitb.eus-en eta EITB Nahieran-en.
Lehiaketan parte hartzeko mihiluze@orioprodukzioak.eus helbidean edo 660 991 766 telefono edo WhatsAppean eman beharko da izena. Lehiakideak aukeratzeko castingak udan hasiko dira.