Bigarrenak
Kapoi gisatua:
Kapoia zatitu. Gatza jarri eta barazki txikituak, brandya, ardo usaintsua, ozpina eta belar usaintsuekin nahastu eta beratzen eduki.
Ondoren xukatu eta alde batetik barazkiak olioarekin lapiko azkar batean erregosten jarri. Bestetik, kapoi zatiak irinetatik pasa eta oliotan gorritu. Lapikoan sagar birrindua eta txokolate beltza sartu. Murriztean salda gehitu eta irakiten hasten denean, estali eta 25 minutuz egosi.
Ondoren kapoi zatiak atera, salda birrintzean eztia eta ahate gibela gehitu eta iragazi. Lodia geratzen bada, ur pixka bat gehitu saltsa fintzeko. Bestalde, salda arina geratzen bada, murriztu loditu arte. Kapoi zatiak sartu eta ondo berotu.
Patata eta gurin purea:
Patatak egosi ondoren, irabiagailutik pasa, eltze batera bota eta esnea gehitu. Hagaxkarekin bueltak ematen joan ondo nahastu arte eta, epela dagoenean, pixkanaka gurin zatiak botatzen joango gara. Ez da asko berotu behar bestela purea garraztu egingo da. Gatza bota. Nahi bada azkenengo ukitua irabiagailuarekin eman daiteke.
Udare eta piku lehor konpota:
Udareak zuritu, zatitu eta eltze batean jarri piku lehorrak, ura, ardo txuria, limoi birrindua eta kanela adarrarekin. Egosten utzi udarea eta pikua samurtu. Egosketako likidoa oso arina geratzen bada, fruta atera eta murriztu ondoren frutarekin berriro nahasi.
Bukaera:
Plater batean kapoi zati bat saltsarekin jarri. Ondoan patata purea eta kapoiaren ondoan, udare eta piku lehor konpota.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa