Bigarrenak
Moldeko ogia
Ontzi batean osagai guztiak sartuko ditugu, gatza, azukrea eta gurina izan ezik. Oretzen hasten garenean, gatza, azukrea eta gurina gehitu eta ondo oretu. Altxatzen jarriko dugu ordu erdiz. Bikoitza egin denean, berriro tentsioa sortuko diogu oreari eta moldean sartuko dugu. Berriro bikoizten denean, labean sartu 180 ºCtan 20 -30 minutuz. Moldetik atera eta hozten utzi.
Sandwicherako osagaiak
Hasteko, sandwich misto bat prestatuko dugu. Horretarako, urdaiazpiko egosi xerrak, bi gazta-barietateren artean jarriko ditugu, eta horiek bi moldeko ogi xerra artean, gurinarekin igurtzita. Su motelean zartagin batean egingo dugu, gorritu eta gaztak urtzeko.
Bitartean, hirugiharra txigortu eta oilasko-bularki zatiak plantxan prestatu. Bi osagai horiekin bigarren sandwicha egingo dugu eta plantxan gorrituko dugu, xerrak gurinarekin pixka bat igurtzita.
Egin ditugun bi sandwichak elkartzeko, bietako baten goiko aldea maionesarekin igurtzi, letxuga zatiekin eta tomate-xerrekin estali eta beste sandwicharekin estali. Desmuntatu ez daitezen, brotxetaz lagunduta, sandwicha lau zatitan moztuko dugu.
Tuberkulu frijituak
Tuberkuluak zuritu eta makiltxotan moztuko ditugu. Olio berotara bota eta ondo frijituko ditugu. Paperean xukatu eta gatza jarri.
Brie gazta aparra
Esnea eta esne gaina ontzi batean berotu eta brie gazta urtzeko erabiliko dugu. Maizena pixka bat gehitu ondo elkartuta geratzeko eta gatzean probatu. Birringailuarekin ondo txikitu eta sifoian sartu. Epeletan gorde.
Bukaera
Sandwicha plater luze batean jarri. Ondoan tuberkulu frijituak jarriko ditugu eta hauen gainetik brie gazta aparra.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa