Bigarrenak
Txerri azpizuna sagar eta pikuekin
Txerri azpizunari gantza garbitu eta luzetara, liburu bat bezala, irekiko dugu barrubetetzeko.
Zartagin batean olioa bota eta barrengorriak txikituta sartuko ditugu 5 minutuz erregosteko. Ondoren sagar karratutxoak, piku lehorra, pistatxoak zatituta eta ziazerba hostoak gehitu, erregosi eta gatza bota.
Txerri azpizuna honekin barrubete eta bildu egingo dugu. Sokarekin lotu eta zartagin batean olioarekin gorritu gatza bota ondoren. Labe erretilu batera pasa eta labean sartu 8-10 minutuz 180 ºC-tan. Denbora igaro ondoren, egoten utzi.
Garagardo saltsa
Gurinaren erdiarekin tipulatxa erregosi. Garagardoarekin busti eta erdira arte urritzen utzi. Salda bota eta minutu batzuetan egosten utzi. Gatza eta saltsaren testura arteztu. Soberan dagoen gurinarekin harrotu.
Entsalada
Ahabiak ozpinetan sartu eta nahi dugun arte barruan utziko ditugu, ozpinak ahabi zaporea hartu dezan.
Mihilu-erreboila mandolinarekin xerra fin-finetan ebaki eta errukula eta mizuna hostoekin nahastu. Pistatxo txigortu batzuk gehitu eta gatz, ozpin eta olioarekin goxatuko dugu.
Azenario eta kalabazin erregosia
Azenarioa zuritu eta kalabazinarekin batera karratutxotan zatitu, olioarekin zartaginean salteatu eta gatz pixka bat jarri.
Bukaera
Plater azla batean azenario eta kalabazin erregosia jarriko dugu zabalduta. Gainean txerri azpizuna zatituta ipini eta garagardo saltsa botako diogu. Ondoan entsalada jarriko dugu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa