Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Legatz eta otarrainxka pastela
Legatz eta otarrainxka pastela
Osagaiak
  • - Legatza, 250 g
  • - Otarrainxkak, 300 g
  • - 2 porru
  • - 2 azenario
  • - Tipula erdi
  • - Ziazerbak, 100 g
  • - Baratxuria
  • - Ardo zuria
  • - 6-7 arrautza
  • - Gatza
  • - Tomate saltsa
  • - Esne-gaina, litro erdi (aukeran)
  • - Oliba olioa
  • - Gurina, moldean zabaltzeko
Prestaketa

Eltze batean olioa jarri baratxuri ale batekin, eta bertan otarrainxkak egin. Atera, zuritu, txikitzeko robot batekin txiki-txiki egin, eta geroko gorde.

Olio horretan, txiki-txiki egindako barazkiak (porrua, azenarioa, tipula eta baratxuri ale bat) su goxoan erregosi, ongi bigundu arte. Egindakoan, azalik eta hezurrik gabeko legatz garbia gehitu zati txikitan, eta 3 bat minutuz erregosi. Otarrainxka txikituak gehitu, eta elkarrekin pixka bat gozatu. Ondoren, ziazerbak julianan moztu, eta gehitu; ardo zuriz busti, eta minutu batzuk egosten utzi, pixka bat lurrundu artean. Azkenik, tomate saltsa gehitu, eta sutatik atera.

Beste ontzi batean, arrautzak irabiatu, eta aurretik egindako betegarria gehitu, eta ongi nahastu. Nahasketa honi esne-gaina gehitu, eta guztia gurinez ongi igurtzitako molde batera isuri. Bukatzeko, aurretik 150-180 gradura berotutako labean 90 minutu inguru maria bainuan egostea besterik ez da faltako.

Epela edo hotza zerbitzatu daiteke, maionesa saltsaz eta entsalada batez lagunduta, eta, nahi izanez gero, osorik utzi daitezke otarrainxka batzuk platera apaintzeko.