Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Izokin eta kinoa poke bowl-a
Izokin eta kinoa poke bowl-a
Osagaiak
  • 2 pertsonarentzat
  • Izokin marinatua:
  • - Izokin solomoa, 1,5 kg
  • - Gatz lodia, 200 g
  • - Azukrea, 160 g
  • - Ezamihilu sorta
  • - Piperbeltz aleak
  • Kinoa:
  • - Kinoa zuria, 100 g
  • - Kinoa gorria, 100 g
  • - Ura, 300 ml
  • - Oliba olioa, txorrotada bat
  • Tofu ketu frijitua:
  • - Tofu ketua
  • - Arto irina
  • - Oliba olioa
  • Beste osagaiak:
  • - Mango bat
  • - Ziazerba sorta bat
  • - Kakahuete txigortuak, eskukada bat
  • - Tipula frjitu bat
  • - Tomate concasse bat, sesamo beltz eta zuriarekin
  • - Tipulin bat
  • - Ahuakate bat
  • - 2 errefautxo
  • - Lima bat
  • - Oliba olio birjina
  • Sojanesa wasabiarekin:
  • - Esnea, 100 g
  • - Soja saltsa, 50 g
  • - Limoi erdiren zukua
  • - Ozpin tantak
  • - Ekilore olioa, 300 g
  • - Wasabi punta bat
Prestaketa

Izokin marinatua

Zatitu izokin osoa, sabeleko hezurrak kentzeko. Kendu koipe zati zurixkak. Kendu solomoaren erdiko koipe zatia. Hezurrak altxatu, labana zuritzailearen puntarekin arraspatuz. Gatza, azukrea eta ezamihilu sorta pisatu. Piperbeltza motrailuan gordinik birrindu. Pisatu, eta gehitu aurreko nahasteari. Estali labe-plaka bat nahasturaren erdiarekin. Izokina gatzaren gainean jarri, azala zuzenean gainean duela. Estali gainerako nahasketarekin. Erretilua filmarekin estali, eta hozkailuan utzi 12 orduz. Denbora igarotzean, eman buelta arrainari. Osatu den zukuarekin busti. Jarri berriro film papera. Utzi 12 orduz hozkailuan. Garbitu izokina txorrotaren azpian, ur hotzarekin. Ondo lehortu paper xurgatzailearekin. Moztu buztanaren muturreko xerra batzuk urdaiazpikoa mozteko labanarekin, eta gorde beste edozertarako. Gainerakoarekin xerra mehe-meheak egin.

Kinoa

Lehenengo, kinoa 15 minutuz egosi. Xurgatu ondoren, eta jan baino lehen, zartagin batean salteatu olio bero pixka batekin; geroko gorde.

Tofu ketu frijitua

Tofua karratutan zatitu, eta, arto irinetan pasatu ondoren, oliotan frijitu; ondo xurgatu sukaldeko paperarekin.

Sojanesa wasabiarekin

Pitxer batean, esnea, soja saltsa, limoi erdiaren zukua, wasabi punta eta ozpin tantak sartu, irabiagailuarekin nahasten hasi, eta, bitartean, ekilore olioa bota, emultsionatu arte.

Bukaera

Beste osagaiak garbitu, zuritu eta moztu. Izokina ere karratutxotan zatitu. Plater sakon batean, lehenengo kinoa jarri, eta, gainetik, gainerako osagaiak, koloretsu gera dadin; sojanesa pixka bat jarri, eta lima zukuarekin eta oliba olio birjinarekin ondu.

 

***Gravlax teknika:

Erdi Aroan, arrantzaleek egiten zuten, izokin gazituarekin eta hartzidura pixka bat eraginez. Gravlax hitza Eskandinaviako grav hitzetik dator, «zulatu» edo «zuloa lurrean» esan nahi du (suedieraz, norvegieraz eta danieraz), eta lax (edo laks), «izokin lurperatua». Gaur egun, hartzidurak ez du asko irauten, eta, horren ordez, gatza eta ezamihilua gehitzen dira.

Kinoa ez da zereal bat. Pseudozerealtzat hartzen da, izatez hazia delako, eta horregatik ditu ezaugarri nutrizional bakarrak. Kalitate handiko landare-proteinak eta funtsezko aminoazidoak ditu; gainera, aseatzailea da, friba, mineral eta bitamina ugari ditu, eta indize gluzemiko txikia.