Gu Ta Gutarrak
FINAL HANDIA
Donostiako Teresa ikastetxeak irabazi du 'GTG Jai School' finala!
EITB
EITB
Ikasbidaia egiteko 3.000 euroko txekea irabazi dute Donostiako ikastetxe honetako ikasleek, oso parekatuta egon den finala Durangoko Jesuiten aurka irabazita.
Donostiako Santa Teresa eta Durangoko Jesuitak izan dira 'GTG Jai School' saioaren finalean aurrez aurre izan diren bi ikastexeak. Alabaina, bat bakarrik izan zitekeen irabazlea, eta, azkenean, Santa Teresakoek eraman dute ikasbidaiarako 3.000 euroko saria.
'Gu Ta Gutarrak' saioaren ohiko ikurretik aldendu gabe, saioak Euskal Herriko ikastetxe jatorrena aurkitzea du helburu. Urtarriletik, DBHko 4. mailako 24 ikastetxetako ikasleek hartu dute parte eta horietako 12 izan dira bigarren fasean. Azken asteetan, berriz, Lekeitioko institutua, Donostiako Santa Teresa ikastetxea, Durangoko Jesuitak eta Bihotz Gaztea ikastola ikusi ditugu finalerdietan. Azkenik, bi ikastetxe heldu dira finalera: Durangoko Jesuitak eta Donostiako Santa Teresa. Hala ere, Donostiako ikastetxea izan da ikastetxe jatorrenaren titulua eta 3.000 euroko saria eskuratu duena.
Gainontzeko saioetan bezala, finalean ere ikastetxe bakoitzeko bost lagun lehiatuko dira ikasgelaren izenean, eta gelako ikaskideak publiko artean egongo dira platoan. Nakor eta Amaia ere gutarlari lanetan izan dira: Durangoko Jesuitak ikastetxearekin, Amaia; Donostiako Santa Teresarekin, Nakor. Nola ez, Txurru eta Irantzu izan dira epaileak. Finalean, baina, berrikuntza bat izan da: talde bakoitzarekin gutar bakarra egon beharrean hiru izan dira. Leirek, Enekok eta Lainek Donostiako Santa Teresa ikastetxeari lagundu diote; Aitzolek, Imanolek eta Jonek, berriz, durangarrei.
Erronka ezberdinei aurre egin behar izan dizkiete ikasleek. Urez betetako puxikak sare baten gainetik bota eta puskatu gabe berriz ere eskuratu behar izan dituzte ?Gora puxika? erronkan; gutar txirigotak asmatu, kantatu eta dantzatu dituzte ikasleek 'Zu bai artista'n eta euskal herri eta hiriburuen izenak mapan dagokien izenak kokatu behar izan dituzte 'Maritxu, nora zoaz'erronkan. Programa amaierara berdinduta iritsi dira bi ikastetxeak eta, hori aldatzeko hil ala biziko saskibaloi-jaurtiketa egin dute. Azkenean, durangarrek kale egin dute eta ez dute baloia saskiratu, beraz, donostiarren markagailura joan da azken puntua. Zorionak!