Ganbarazaleak
GANBARAZALEAK
Zumaiako Manzisidor familiaren ur eta lur azpiko altxorrak
L.A.
Urpekari profesional izandako Manzisidor familiaren ur azpiko altxorrak ezagutzeaz gain, lur azpian duten beste altxor ikusgarri bat ere ezagutu dugu: 'Mancimamiñe' kobazuloa.
'Ganbarazaleak' saioaren azken atalean, Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda aurkezleak Zumaia aldean izan dira, eta bertan, urpekari lanetan ibili den Manzisidor familiaren ur azpiko altxorrak ezagutzeaz gain, lur azpian duten beste altxor ikusgarri bat ere ezagutu dute.
Kantauri aldeko urpekari profesional ospetsuen altxorrak ezagutu dituzte Pedro Marik eta Ainhoak, Juan Jose Manzisidorren eskutik. Haren aita, osaba eta aitona urpekari profesionalak izan ziren; izen handikoak, gainera. Aitona Mutrikuko arotza eta baserritarra bazen ere, ezaguna zuen buzo batek laguntza eskatu zion Galizian itsasontzi bat ateratzeko. Horrenbestez, urpekari-lanaren nondik norakoak ikasi zituen eta horretan hasi zen Pasaian lan egiten. 1916an, Donostiatik deitu zioten Alfontso XIII.aren Giralda yatea hondartuta zegoelako, eta hara joan zen, ontzia ateratzera. Ordainetan, idatzizko kontzesio bat egin zion erregeak aitonari, eta paper hura erakutsi digu Juan Josek: Gipuzkoako kostaldeko uretan topatzen zituen objektu guztiak beretzat gordetzeko eskubidea eman zion.
Etxean, urpekaritzarekin lotura duten beste hainbat objektu erakutsiko dizkigu Manzisidorrek, besteak beste, lema bat edo kanpokoekin komunikatzeko tresna bat. Halere, bitxiena edo baliagarriena, agian, aitarena izandako urpekari-jantzi bat da, 150 urte ingurukoa, eskafandra eta botekin batera 100 bat kilo dituena. Urpekarien jantziak barik austronautenak ematen dituzten buzoak, berriz, Ingalaterratik ekarritakoak dira, eta ordu erdi behar zen horiek janzteko.
Sorpresa handiena, baina, amaierarako utzi du Juan Jose Manzisidorrek: 'Mancimamiñe'. Etxe azpian duen antzinako kobazuloa da, eta 1986an aurkitu zuten, etxean bertan obra batzuk egin ari zirenean. 35 metro inguruko luzera du, estalaktitaz beteriko leizeak, eta, mareagoran, itsasoa bertaraino sartzen da.