Ganbarazaleak
Bitxikeriak
80ko Olinpiar Jokoetako zuzia, Hendaian!
Joxean Barreirok Sobietar Batasuneko objektuen bilduma zabala dauka, tartean, 1980an Moskun egin zituzten Olinpiar Jokoetan erabili zituzten zuzietako bat.
Olinpiar Jokoak dira munduko kirol ekitaldi garrantzitsuena. Lau urtean behin, berrehun bat nazio biltzen dituzte hainbat kirol diziplinaren bueltan, eta suak irudikatzen du Jokoetako espiritua. Sua zuzi bidez garraiatzen dute; milaka kilometro egin ohi ditu zuziz zuzi, eskuz esku, itzali gabe, irekiera ekitaldira bitartean; izan ere, orduan pizten dute su-ontzi erraldoia, eta Jokoek irauten duten bitartean egoten da piztuta. Zuzi horietako bat Hendaian topatu dute 'Ganbarazaleak' saioan, Joxean Barreiroren etxean.
Hiru hamarkadatik gora ditu zuzi horrek, Moskuko udako Olinpiar Jokoetan erabilitakoa baita. 6.000 zuzi baino gehiago erabili zituzten, eta horietako bat Euskal Herrira iritsi da. Bitxia da pentsatzea hain balio sinboliko handia duten zuzi horietako bat gure eskuetan izan dezakegula, eta are gehiago jakinda Moskuko Joko horietako sua garraiatzeko erabili zutela. Izan ere, Olinpiar Jokoen historian leku berezia dute Moskukoek.
1980an izan ziren. Garai hartan, Mosku Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko hiriburua zen, eta Gerra Hotza pil-pilean zegoen artean. Hori dela eta, AEBko atletek ez zuten parte hartu, eta ez ziren bakarrak izan. 65 herrialdetako atletek bat egin zuten estatubatuarren boikotarekin; besteak beste, kanadarrek, argentinarrek, japoniarrek eta turkiarrek. Portugalgo eta Espainiako atletek parte hartu zuten, baina ez euren herrialdeak ordezkatuz, bandera olinpikoaren babesean baizik.
Barreirok Pedro Mari Goikoetxea eta Ainhoa Ciganda 'Ganbarazaleak' saioko gidariei esandakoaren arabera, oraingoz behintzat ez du zuzia salduko, baina Interneten, ongi arakatuz gero, 1.000 eta 3.000 euro artean topatu daitezke. Beraz, inork olinpiar sua garraiatu duen zuzia izateko zirrara sentitu nahi badu, badaki zer egin!