Itxi

Bost Baietz!

Lehiaketa

Bermeon, Legorretan eta Eibarren grabatzen ibiliko da 'Bost Baietz'

EiTB

Julian Iantzik aurkezten duen saioaren grabazioekin hasi dira berriz ere. Asteazkenean Bermeon izan ziren, eta gaur, Gipuzkoako bi herrietan.

"Bost baietz!" saioa Bermeon, Legorretan eta Eibarren ibiliko da aste honetan.

Asteazkenean, Bizkaiko kostaldeko herrian izan zen Julian Iantzi 'Bost Baietz'eko lantaldearekin batera. Athletic taldeak Ibilaldiaren alde futbol partida jokatu zuen Bermeon, eta bertako ikusleen artean lehiakideak bilatu nahian aritu zen.

Gaur, berriz, bi herritan aurkitu ahal izango dituzue; alde batetik, Eibarko kaleetan murgilduko dira, eta bestetik, Legorretako jaietara joango dira.

Lehiakideak kalean bertan harrapatuko ditu Iantzik. Bost minutuan hainbat galdera egingo dizkie parte hartzaileei, eta horrela dirua irabazteko aukera izango dute. Denetariko galderak izango dira: kultura, kirolak, geografia, gaurkotasun-albisteak… Baina asko Euskal Herriari lotuta egongo dira. Hasieran errazagoak izango dira, baina, aurrera egin ahala, zailduz joango dira.

Lehiakideek erantzun zuzena eman beharko dute. Bakarrik joka dezakete, baina ondotik pasatzen den edonori ere laguntza eska diezaiokete. Zenbat eta arinago erantzun, orduan eta galdera gehiago egiteko eta diru gehiago irabazteko aukera izango dute.

Bost minutuko txanda amaitu ondoren, lehiakideek bi aukera izango dituzte: dirua bikoizteko jokoan jarraitu, edo ordura arte irabazitako diruarekin planto egin. Dirua bikoizteko, Julian Iantzik proba erraz, arin eta entretenigarri bat egitea proposatuko die.

Saioan parte hartu nahi dutenek bostbaietz@eitb.com helbidera idatz dezakete. Lehiaketaren asmoa herritarrekin ondo pasatzea eta diru apur bat banatzea da.

Julian Iantzi Euskal Herriko kaleetan dabil dagoeneko. Ekainaren 2tik aurrera ikusiko dugu ETB1en.