Baserria saioko lehiakideak: 12 baserritar eta 12 kaletar | Baserria EITB

Baserria

Unai Martiarena
Unai
Adina:26 urte
Lanbidea: Estanpatzailea eta baserritarra
Lekua:Irun
Unai Martiarena

"Niri behi eta makineria kontuetan ez dago irabaziko nauen inor ere ez" 

Unai Martiarenaren familia baserritarra da. Baserrian jaio eta hazi da, guraso eta hiru anai-arrebekin batera. Arrebak, Aitziber Martiarenak ere, edizio honetan parte hartzen du, baserritar gisa.  

Familiako kide guztiak aritzen dira baserrian lanean. Unaik goizetan lantegi baten egiten du lan, trokeleria batean estanpazioak egiten. Baina baserrian ere badute negozio txikia; haragia saltzen dute. Haragitarako behiak, zaldiak eta ahuntzak dituzte, eta batik bat, hauek zaintzeaz arduratzen dira. Horretaz gain, baratza ederra dute. Negutegi txiki batean, ilarrak, porruak, tomateak… dituzte urte guztian. 

Baserrian ez dago gustatzen ez zaion lanik, baina abila ei da behiak zaintzen eta traktorean. Motorra duen guztia gustatzen zaio. Gidatzeko baimena atera zuenean eta traktorea erosi zutenean, bi egun horiek ongi iltzatu zaizkio oroimenean. 

Pazientzia gutxikoa, apur bat egoskorra dela aitortzen du Unaik. Berak bereari eutsiko dio eztabaidetan, baina badaki neurria hartzen eta noiz isildu. Pertsona langileak gustatzen zaizkio, bera bezala, eta ez du inolako arazorik aginduak emateko ezta jasotzeko ere. Eta ez zaio ura batere gustatzen, belaunetik behera ahal bada hobeto. Ez da hondartzara joan 14 urte zituenetik; "hobeto mendia berde-berde" dio Unaik.

Saioan dena eman eta irabazteko asmoa du. Tartean, jendea ezagutu eta lagunak egiten baditu, ederto.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali
0:56

Unai Martiarena, makineria eta animalia kontuetan garaiezina omen den baserritar irundarra

Unai Martiarenak 26 urte ditu eta Irungo baserritarra da. Dioenez, makineria eta animalia kontuetan inork ez dio irabaziko, baina bikote handi bat beharko du alboan. Goienetxeatarren taldean egongo da, eta Eneko bilbotarra izango du bikote.