Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Lotsatu egin da Jose Luis Mendilibar Eibarren egindako omenaldiarekin

A.A. | EiTB

Berak baino gehiago emazteak merezi duela omenaldia esan du Eibar taldeko entrenatzaileak Astelena pilotalekuan bildu den jende guztia ikusita.

23:50
José Luis Mendilibar Astelena frontoian

Sorpresa itzela hartu du Jose Luis Mendilibarrek "Asko Maite Zaitut" saioak egin dion omenaldiarekin. Hasieran, beste norbaitentzako kontua zela ere pentsatu du, ez beretzat. Eibar taldeko jarraitzaileak, zuzendaritza eta jokalariak, familia, koadrilakoak eta pertsona ezagun asko bildu ditu Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen saioak Eibarko Astelena pilotalekuan.

Eskozia la Brava Eibar futbol taldeko jarraitzaileen taldeak bultzatu du Mendilibarri egindako omenaldi hau. Eurentzako gidaria da Jose Luis eta maitasun handia diote Olaia eta Miren ordezkariek Zuhaitz Gurrutxagari jakinarazi diotenez. Eskozia la Brava Ipuruan egoten den "talde zaratatsuena" dela jakinarazi dute eta Eibar taldea bihotzean daramatela.

Astelehena pilotalekuan egindako ekitaldian Mendilibarren bizitzan garrantzia izan duen jende askok hartu nahi izan du parte. Han izan dira bere lankideak, Eibar taldeko jokalariak eta zuzendaritza. Futbolaren munduan harekin aritu direnek bere buruari asko eskatzen diola eta oso gertukoa dela azpimarratzen dute, eta horren ondoroz, jokalariek zein jarraitzaileek oso maite dutela. Hala azaldu dute Manix Mandiola entrenatzaileak eta Joseba Llorente jokalari ohiak. David Silva jokalariarekin, adibidez, oso harreman polita dauka. Jabo Iruretak ere asko maite du. Valladolid aldean ere estimu handitan dute Zaldibarko entrenatzailea, eta bere izena daraman peña bat ere egin zuten. Hauen guztien mezuak jaso ditu omenaldian.

Mendilibar Zaldibarkoa da, bizkaitarra, eta hala ere, txiki txikitatik Realekoa dela aitortu du berak. Hala ere, Athleticeko entrenatzailea izatea ere egokitu zaio bere ibilbide osoan eta han ere lagunak egin zituen. Jose Angel Iribarrek ez du galdu nahi izan omenaldi hau eta horrek ilusio berezia egin dio entrenatzaileari, pertsona bezala asko miresten baitu Iribar.

Futbolean egin du ibilbide profesionala Jose Luis Mendilibarrek, baina pilotan ere oso iaioa da. Zaldibarko bere lagunek Zuhaitz Gurrutxagari kontatu diotenez, herri arteko pilota txapelketa bi aldiz irabazi zuen bere garaian eta gaur egun ere jokatzen jarraitzen du. Gainera, ez omen zaio batere gustatzen galtzea! Ezta kaniketan ariko balitz ere! Hori ari daukate omenaldian parte hartu zuten Juan Martinez de Irujo eta Peio Martinez de Eulate pilotari ohiek ere. Manix Mandiolaren eta Mendilibarren aurka jokatu eta galdu zuten partidaren errebantxa eskatu zuten.

Lanetik kanpora, umiltasuna da Jose Luis Mendilibarren ezaugarri nagusienetakoa. Etxean ere gizon lasaia dela azpimarratu dute bere seme-alabek; ama dela etxean agintzen duena. Jose Luisek berak ere aitortu du beti kanpoan ibili izan denez, emazteak hartu zuela etxearen eta seme-alaben ardura osoa eta emazteak berak adina merezi duela omenaldi bat.

Jose Luis Mendilibar protagonista izan duen "Asko Maite Zaitut" EiTB Nahieran dago ikusgai.