Itxi

A ze banda

Finala

Twin Melody, 'A Ze Banda!' saioko irabazle

EITB

EITB

Paula eta Aitana Etxeberria ordiziarrek osatzen dute Twin Melody. Bikiek Campos Eliseos Antzokian zegoen publikoa bereganatu, eta lehen edizioko irabazle izatea lortu dute.

5:22

Bederatzi talde hasi ziren 'A Ze Banda!' saioan, eta, zazpi asteren ondoren, bi bakarrik iritsi dira finalera: Twin Melody eta The Kites.

Emozioz beteriko gaua iritsi da, eta egun berezi honetarako Campos Eliseos Antzokia jendez gainezka egon da. Finalari hasiera emateko, eta lehiakideak lasaitze aldera, Alex Sardui eta Zuriñe Hidalgo abeslariek emanaldia eskaini dute, Gatibu eta Hesian taldeen abesti nahasketa bat egin dute bertan bildutako ikus-entzulentzat.

Hasierako sopresa honen ostean, bakarkako dueluen ordua iritsi da: lehen txandanPaula eta The Kiteseko Eider Saez aritu dira aurrez aurre Pink estatubatuarraren "Just give me a reason" abestiarekin; bigarren txandan, ordea, Aitana eta Leire Agirre izan dira nor baino nor gehiago Latzen euskal taldearen "Laztana" kantarekin.

Finalaren bigarren fasean, bi taldeak igo dira taulara, banda bakoitzak aukeratutako abesti banarekin: Twin Melody bikotea Katy Perryren "Hot N Cold" abestiarekin igo da, eta The Kites boskoteak ABBA suediarren "Mamma Mia" kanta eskaini digu.

Emanaldiak bukatuta, Eider Rodriguez koreografoak Bamboodance dantza-taldearekin ikuskizuna eskaini du antzokian.

Azkenik, 'A ze banda!' saioko irabazlearen izena ezagutzeko ordua iritsi da: botoen % 58 emanda, Twin Melody bikiak lehen edizioko irabazle izatea erabaki du antzokian bildutako publikoak. The Kites boskoteak, beraz, botoen % 42 eskuratu ditu. Garaipena ospatzeko, Ordiziako bikiek Pharrell Williamsen "Happy" kanta abestu dute. Gainerako finalistak, aurkezleak, irakasleak, epaileak, koreofrafoak eta beraien senideak ere oholtza gainera igo dira 'A Ze Banda!' saioaren lehen edizio honi luxuzko amaiera emateko.