Itxi

A ze banda

7.saioa

Random 'A ze banda!'ko finalaren atarian geratu da

Anderrek, Arkaitzek eta Aitorrek osatzen duten taldeak ez du epaimahaia konbentzitu, eta finalaurrean kanporatu dituzte. Beraz, The Kites eta Twin Melody izango dira finalean nor baino nor gehiago.

4:28

Aste honetan, Random, The Kites eta Twin Melody lehian aritu dira 'A ze banda!'ko finalerako txartela lortzeko. Hala ere, Random taldea kaleratu dute eta The Kites eta Twin Melody izango dira finalean egongo diren taldeak.

Aurrekoetan bezala, oraingoan ere saioak sorpresa bat izan du lehiakideentzat: agertoki aldaketa. Izan ere, astean zehar entsegatu dituzten bi kantetako bat kalean, akustikoan abestu behar izan dute, Bilboko Plaza Biribilean, hain zuzen ere.

Random hirukote bilbotarrak Katamaloren "Betazalak erauzten" kanta defendatu du; The Kites boskote lazkaotarrak Urkoren "Guk euskaraz"; eta, azkenik, Aitana eta Paula Etxeberria Twin Melodyko bikiek Alaitz eta Maiderren "Ispilu aurrean" abestu dute.

Bilboko kaleetako hiru emanaldien ondoren, Zuriñe Hidalgok eta Alex Sarduik lehen erabaki bat hartu dute: talde bat salbatuko dute eta zuzenean igaroko da datorren asteko finalera. Horrela, programan egindako lana eta aste guztietan zehar izandako eboluzioa kontuan izanda, The Kites lehen finalista izatea erabaki du epaimahaiak.

Campos Eliseos Antzokira helduta, hiru taldeek prestatuta zuten bigarren kanta taularatu dituzte: Randomek Back Street Boys talde estaubatuarraren "Everybody" kanta ospetsua abestu du; The Kites taldeko bost lazkaotarrak, lehen aldiz, ingelesez aritu dira The Policeren "Roxanne" kantarekin; azkenik, Twin Melody Miley Cyrusen "Wrecking ball" kantarekin igo a taula gainera.

Aste honetan, Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslaria izan da Zuriñe Hidalgo eta Alex Sarduirekin batera epaile lanetan aritu den azken gonbidatua. Hiruren artean Twin Melody salbatzea aukeratu dute, eta finaleko bigarren tokia hartuko dute bikiek. Ordiziarren emanaldi onena izan ez den arren, aurreko aste guztietan izandako maila ona nabarmendu dute epaileek eta, horregatik, finalean egotea irabazita dutela gaineratu dute. Beraz, Random hirukote bilbotarra lehiaketatik kanpo geratu da. Anderrek, Arkaitzek eta Aitorrek ez dute epaimahaia konbentzitu, eta eurek ere beraien emanaldirik onena egin ez dutela onartu badute ere, egun txar bakarragatik finaleko atarian geratu izana "injustua" dela uste dute. Hala ere, euren ibilbidea ez dela hemen amaitzen, eta beraien proiektuekin jarraituko dutela esan dute.

Datorren astean, beraz, The Kites eta Twin Melody izango dira finalean arituko diren bi taldeak. Jendez gainezka egondo den antzokian euren talentua erakutsi beharko dute; izan ere, publikoak aukeratuko du 'A ze banda!'ko irabazlea.