A ze banda
Bosgarren saioa
Random, The Kites eta Twin Melody, saioaren hurrengo fasera
Sugar Beats gospel hirukoteak epaimahaiaren babesa galdu du, eta agur esan beharko dio saioari.
Bosgarren saioan, eta lau taldeen emanaldiak bukatuta, Twin Melody, Random eta Random taldeak hurrengo saiorako txartela lortu dute, epaimahaiaren ahobatezko erabakiari esker.
Aurreko saioetan gertatu zen bezala, antolatzaileek aldez aurretik aukeratutako abesti bat kantatu dute, baina oraingoan, Koldo Uriarteren laguntza izan dute entseguetan laguntzen. Izen handiko artistekin lan egindako musikaria da, besteak beste, David Bustamante, Gari edo Mikel Urdangarin ezagunekin aritu baita. Gainera, lehiakideek sorpresa handia izan dute fabrikara heltzean. Bosgarren programatik lehiaketa amaitu arte, Bilboko Campos Eliseos antzokian defendatuko dituzte euren abestiak. Horrez gain, sorpresa bat prestatu diete epaimahaikideei, nahasketa musikal bat prestatuz.
Itziar Alduntzin Euskadi Irratiko esatariak Random salbatzea erabaki du, hirukote bilbotarrak One Direction talde famatuaren Story of my life abestiarekin pop estiloan ondo manejatzen direla eta gazteak mugitzen ikusten dituela argudiatuta; Twin Melodyek Zea Mays talde bilbotarraren Negua joan da eta kantarekin euskaraz abesteko erronkari aurre egin diote, eta oso ondo egin dutela esanez Zuriñe Hidalgok bikiei beste aukera bat ematea erabaki du; azkenik, Alex Sarduik, erabakia oso argi izan ez duen arren, The Kites salbatu du. Boskote lazkaotarrari Goseren Lokartu arte lana egokitu zaie, eta programan izandako ibilbidea kontutan izanez hartu du Sarduik erabakia. Gauzak horrela, Robbie Williamsen Angel balada abestu duen Sugar Beats gospel hirukotea lehiaketatik kanpo geratu da.
The Kites, Twin Melody eta Random taldeak izango dira, beraz, lehiaketan jarraituko duten hiru taldeak. 'A ze banda!'ren hurrengo saioan beraien gaitasuna erakusteko aukera berria izango dute.