A ze banda
Bigarren saioa
Sugar Beats, The Kites eta Twin Melody, saioaren hurrengo fasera
I.A.
Bikotea izan arren, Ordiziako bikiak saioan onartu ditu zuzendaritzak. NK3 eta Kahoz kanpoan geratu dira.
"A Ze Banda!" lehiaketaren bigarren saioa emozioz eta sorpresaz beterik etorri da. Zuriñek eta Alexek Nerearekin batera Eibarrera egindako bidaiarekin hasi da saioa. NK3 hirukotea ezagutu dute bertan, eta lehen proba gainditzea lortu dute. Enkoreren "Airea" abestu du hirukoteak fabrikako agertokian.
The Kites Lazkaoko boskoteak ere lehen proba gainditu du, Coldplayren "Viva la vida" abestiarekin. Kantu bera abestu dute neskek epaimahaikideen aurrean, zuzenean.
Iruñetik iritsi da saioko talde beteranoena, Sugar Beats. Harrituta utzi ditu laukoteak Zuriñe eta Alex lehen entzunaldian, beraien gospel estiloarekin. Are gehiago harritu dira epaimahaikideak Lehoi erregea (The Lion King) filmeko "Bizitzaren zikloa" abestiaren bertsioa entzunda.
Kahoz banda andoaindarra izan da agertokira igo den laugarren taldea. Little Mix taldearen "Little Me" abestu du saioan parte hartzeko osatutako boskoteak.
Eguneko lehiakide guztiak lau horiek izango direla uste genuenean, Ibanek epaimahaiko kideak, bandak eta ikusleak harritu ditu, saioaren zuzendaritzak Alex eta Zuriñeren eskaera onartu duela adierazi duenean. Hau da, saioan parte hartzeko aukera eman diote Ordiziako Twin Melody bikoteari.
Hiru kidetik gorako bandak bilatzen zituen arren, Ordiziako ahizpek aukera bat merezi dutela erabaki du saioak, eta Paula eta Aitana Etxeberria fabrikako agertokira igo dira One Direction bandaren "You and I" kantua abestera.
Talde hau sartuta, epaimahaikideek bi talde kanporatu behar izan dituzte. Kahoz boskote andoaindarraren emanaldiak ez ditu Alex, Zuriñe eta Miren Fernandez asebete, eta, beraz, Kahoz izan da kanporatu duten lehena. Azken kanporaketan, Miren Fernandezek Twin Melody bikotea salbatzea erabaki du, Alexek Sugar Beats aukeratu du, eta erabakia Zuriñe Hidalgoren eskuetan geratu da. The Kitesek saioan jarraitzea erabaki du Hesian taldeko abeslariak. Beraz, NK3 hirukotea ere geratu da kanpoan.
Lehen bi saioetan aukeratutako sei taldeak bilduko ditu "A Ze Banda!" saioak hurrengo atalean: Random, Irati, Isasiko Ama, Twin Melody, Sugar Beats eta The Kites.