A ze banda
Lehen saioa
Random, Irati eta Isasiko Ama, 'A Ze Banda!'ren hurrengo fasera
I.A.
No Limits taldea kanporatu dute, epaimahaikideek gainerako hiru bandak salbatu baitituzte.
"A Ze Banda!" saioaren estreinaldiaren hasieran, Zuriñe Hidalgo eta Alex Sardui No Limits talde bizkaitarra ezagutzera joan dira. Lau neskek beraien lokalean gainditu zuten lehen entzunaldia, eta fabrikako agertokia estreinatu dute. Bertan zeuden Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria, Alex Sardui Gatibuko abeslaria, eta Iñaki Ortiz de Villalba Betagarrikoa. Hesian taldearen "Guregatik" abestu du No Limits laukoteak.
Ondoren, mutilez osatutako hirukote baten txanda izan da. Random taldea Portugalete eta Bilbotik dator, eta One Direction talde britainiar ezagunaren "What makes you beautiful" kantua abestu dute.
Zuriñe eta Alex Agoitzen izan ziren Haizea eta Irati neska-bandak entzuteko. Lehenek ez zuten froga gainditu, eta Irati bandako neskak izan dira fabrikako agertokian. Lain taldearen "Azken antzezpena" kantatu dute.
Azkenik Isasiko Ama Gordexolako boskoteak eskaini du azken emankizuna, "New York, New York" kantuaren bertsio batekin. Izen bereko koral bateko kideak dira, neska eta mutilez osatutako talde bakarra izan dira, eta, zalantzarik gabe, guztietan nagusienak izan dira.
No Limits, kanporatuta
Zuzeneko lau emankizunen ostean, Iñaki Ortiz de Villalbak Random salbatu du, Zuriñe Hidalgok Irati banda aukeratu du hurrengo fasean jarraitzeko, eta Alex Sarduik gauza bera egin du Isasiko Ama taldearekin. Beraz, epaimahaikide batek ere ez duenez No Limits taldea aukeratu, neska bizkaitarrek fabrika utzi behar izan dute. No Limits dira saioko lehen kanporatuak.
Onartuko al du zuzendaritzak Twin Melody bikotea?
Saioa bukatu aurretik, Zuriñek eta Alexek proposamen bat bota diote saioaren zuzendaritzari: Euskal Herritik egindako joan-etorrietan zehar, bizki batzuk aurkitu zituzten Ordizian. Bikoteak txunditu egin zituen, eta hurrengo saioan parte hartzaile bezala sartzeko eskaera egin dute epaimahaikideek. Gutxienez hiru laguneko taldeak osatu behar zituztela esaten zen arauetan, horregatik eskaera berezia da. Hurrengo saioan Twin Melody bikotearen inguruko erantzun bat emango diela agindu die Iban Garatek. Twin Melody Ordiziako bikotea onartuko al dute 'A Ze Banda!' saioan?
Datorren astean beste lau talde izango dira fabrikako taula-gainean abesten.
Ez ezazu galdu "A Ze Banda!" saioa, asteazkenetan, 22:15ean, ETB1en.