Itxi

telebista

Estreinaldia

"La Calle Sin Gobierno", aurrekaririk ez duen esperimentu soziologikoa, ostegunero, ETB2n

EITB MEDIA

Zergak ordaintzeari utzi dioten Balmasedako herritar batzuek euren egunerokoa kudeatzeko duten gaitasuna erakutsiko du Xabier Garcia Ramsdenek gidatutako saioak.

  • Xabier García Ramsden

    Xabier García Ramsden

"La Calle Sin Gobierno", Euskal Herrian aurrekaririk ez duen esperimentu soziologikoa, estreinatu da ostegun honetan (uztailak 11), ETB2n eta eitb.eus-en. Balmasedako kale bateko bizilagunek sei astez udal zergak ordaintzeari utziko diote, eta elkarlanean egin beharko dute auzoaren kudeaketa eguneroko bizimoduari eutsi ahal izateko. Herritarrek erronka horri nola aurre egiten dioten erakutsiko digu astero Xabier Garcia Ramsden kazetari eta aurkezleak saio berritzaile honetan.

Herriko sei familia izango dira esperimentu honetako protagonistak. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuei uko egin eta gero, euren kabuz moldatzen ikasi beharko dute: Zer gertatuko litzateke gure zaborra inork jasoko ez balu? Eta argirik gabe geratuko bagina? Nola jokatuko genuke garabiari deitzeko aukerarik izango ez bagenu? Eta auzotik igarotzea ezinezkoa balitz?

Pertsona horiek biziko dituzten egoerak erakutsiko ditu saioak: krisiak, ika-mikak, hausturak, bateratzeak, negarrak, barreak… Esperimentua amaitzen denean, parte hartu duten familiek erabaki beharko dute burujabeak izaten jarraitu nahi duten edo Udalaren kide izatera pasa nahi duten  berriz ere.

"La Calle Sin Gobierno" ostegunero izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en, Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuta.