Itxi

telebista

Estreinaldia

EITBk "La Caza: nada es lo que parece" abentura reality berria aurkeztu du FesTValen

EITB Media

Saio berria irailean estreinatuko da ETB2ko ordutegi nagusian eta 24 parte-hartzaile izango ditu. Juanma López Iturriagak aurkeztuko duen saioak zailtasun handiko probak egingo ditu Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako toki ikusgarrietan.

0:00

EITBk "La Caza: nada es lo que parece" saioa aurkeztu du, irailean ETB2ko ordutegi nagusian estreinatuko duen abentura reality berria, Juanma Lopez Iturriagak aurkeztuta. Secuoya Studios eta Grupo Proyección ekoiztetxeek Euskal Herriko espazio natural basatienetan grabatu duten programa honetan 24 abenturazalek hartuko dute parte. 

Reality berriaren aurkezpena FesTVal Gasteizko telebista jaialdiaren barruan egin du EITBk astelehen honetan (irailak 4). Ekitaldia Europa Biltzar Jauregian egin da, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria bertan dela. Haren ondoan izan dira Juanma López Iturriaga aurkezlea, hainbat lehiakide eta programa egin duten bi ekoiztetxeetako ordezkariak: Sergio Lizarraga (Secuoya Studios) eta José Gordejuela (Grupo Proyección). 

Aurkezpen ekitaldia

Aurkezpen ekitaldia

Goizeko aurkezpenaren ondotik, "La Caza: nada es lo que parece"ren aurrestreinaldia egin da iluntzean, 19:30ean, Gasteizko Principal Antzokian. Bertan, lehen atalaren emanaldi berezia egin da, FesTValerako propio prestatu den ikus-entzunezkoa. Arratsaldeko hitzorduan ere parte hartu dute lehiakideek, Juanma López Iturriagak zein Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. 

Ezkutuko identitateen jokoa

"La Caza: nada es lo que parece" abentura reality bat baino gehiago da. Joko psikologikoa da, eta muturrera eramango du parte-hartzaileen lehiarako eta erresistentziarako gaitasuna. Abentura-genero klasikoari elementu berritzaile bat gehitu behar zaio: ezkutuko identitateen jokoa. Itxuraz bi talde lehiatzen badira ere, Basapiztiak (Fieras) eta Basatiak (Salvajes), benetan hirugarren bat dago: Lobo taldea. Izan ere, zortzi otso egongo dira infiltratuta bi talde horietan. Lehenengo atalean, Basapiztiek eta Basatiek ikusiko dute talde barruan ezkutatutako otsoak daudela; hasierako adiskidetasunetik mesfidantzara igaroko dira. Norengan fida zaitezke? Nor da arkume-larrua duen otsoa? Otsoek banan-banan ehizatuko dituzte gainerako lehiakideak, baldin eta lehiakideek ez badituzte lehenago kanporatzen. 

Aurkezpen ekitaldia

Aurkezpen ekitaldia

Casting heterogeneoa

Halaber, saioak lehiakideen casting anitza eta heterogeneoa du, euskal gizartearen berezko aniztasunaren isla. Guztira 24 parte-hartzaile, profil desberdinekoak: Bilbon bizi den errefuxiatu ukrainar bat; Berriozarko 52 urteko basozain bat; hegaldi-azafata oriotar bat; Iruñeko muturreko kiroletako argazkilari bat; epaile-oposaketak prestatzen ari den abokatu bat; bidaia exotikoen enpresaburu barakaldar bat eta 48 urteko familia-mediku bat, abenturazalea. Gure mugen barruko eta kanpoko profilak, genero, adin eta Euskal Herriko hainbat lekuren ordezkari. 

Toki ikusgarriak 

Denboraldian zehar, "La Caza: nada es lo que parece" saioak Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako hainbat toki ikusgarritara bidaiatuko du. Edertasun handiko lekuak dira, eta zailtasun handiko probak egingo dira; horietan, tentsioa eta arriskua ez dira faltako, eta argi geratuko da ez dela beharrezkoa urrutira joatea ingurune natural zoragarriak aurkitzeko. Besteak beste, Andrabideko harrobiak; Agorregiko Burdinolaren eta Erroten Multzoa, Pagoetako Parke Naturalaren bihotzean; Dimako aerodromo zaharra, Gorbeiako eta Urkiolako Parke Naturalen artean; Bizkaiko kostaldeko kokapen ikusgarriak, hala nola Lapatzako hondartza edo Lekeitioko itsasadarra; Delikako ur-jauziak, Nerbioiko ur-jauziaren azpian; Urrunagako urtegia, Legution; Baztango Haran zirraragarria edo Lezeko haitzulo arabarra. 

Aurkezlea

Juanma López Iturriagak gidatuko du "La Caza: nada es lo que parece" saioa, aurkezle aski ezaguna ETBn zein beste hainbat telebistatan egin dituen lanengatik. ETB2ko "El Rompecabezotas" lehiaketa mitikoan ikusi genuenetik ibilbide luze eta oparoa osatu du. Eskarmentu handia du entretenimenduzko saioak gidatzen, eta ez zaio falta konplizitatea audientziarekin; horrez gain, kirol konpetizioaren gogortasuna gertutik ezagutzen du. Beraz, aurkezle ezin hobea da formatu berritzaile hau gidatzeko.

Juanma López Iturriaga

Juanma López Iturriaga