Itxi

telebista

22:30ean

Jokanora, Kuartangora, egingo du bisita gaurko "Historias a Bocados" saioak

EITB Media

Maite, Miren eta Iñigo bertako bizilagunak ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok. Herria bisitatu eta istorioak partekatuko dituzte gastronomia aitzakia hartuta.

  • Joseba Arguiñano Jokanon, Miren bertako bizilagunaren astoekin

    Joseba Arguiñano Jokanon, Miren bertako bizilagunaren astoekin

Gaur gauean, Jokano herrira egingo du bisita Joseba Arguiñanoren "Historias a Bocados" saioak. Arabako Kuartango udalerria osatzen duten 20 herrietako bat da Jokano, eta Maite, Miren eta Iñigo bertako bizilagunen eskutik ezagutuko du tokia Josebak. Ohi bezala, haiekin istorioak partekatuko ditu, gastronomia aitzakia hartuta.

Maite Ortiz de Zaratek 21 urte daramatza Jokanon, eta bertako Administrazio Batzarreko presidentea da. Kuartangoko despopulatzearen inguruko azterketa egingo dio Josebari, baina baikor ageri da Maite, azken aldian bertara iritsitako gazte jendea ikusita. "La gran kedada rural" izeneko ekimenaz hitz egingo dute, eta patatak prestatuko dituzte bakailaoarekin.

Miren Meabe 30 bat urteko emakume gaztea da, eta proiektu berria du jomugan: landa oilaskoen etxaldea martxan jartzea. Momentuz, baina, 20 asto ditu, eta horiei jaten emango die Josebaren laguntzarekin. Ondoren, Arabako babarrunak jango dituzte biek, sakramentu guztiekin eginak.

Iñigo Fernandez de Pinedok ere hiriko bizitzatik landa bizitzara egin zuen jauzia, Kuartango haranera. Jokanoko txokora eramango du Joseba, garai bateko herriko eskola zaharretan egin duten txokora; bertan txipiroiak prestatuko ditu Josebak, baratxuri salteatuekin eta bi hornigairekin: bata arroza, barazkiekin; eta bestea berenjena, perretxiko eta hirugiharra, teriyaki saltsarekin eta eztiarekin. Iñigok bailarako pertsonaia ospetsuen istorioak kontatuko dizkio Josebari, baita lekuko kronika beltzeko zenbait gertaera ere.

"Historias a Bocados: Jokano" gaur izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en.