Itxi

telebista

Bideokliparen estreinaldia

"Go!azen"en udako abestia 552 neska-mutilek sortu eta landu dute

EITB Media

Gaztetxoek bidalitako denetariko hitz proposamenekin gorpuztu da "Bizi-Alai" kantua.

4:02
Go!azen 9.0 telesaileko aktoreak

"Go!azen"en udako abestia berezia da aurten. "Euskararen Txantxangorria" (2016) "Bihotzetik ezpainetara" (2017), "Mugimenduan tinko" (2018), "Zatoz gurekin!" (2019) "Kalera Irten gara" (2020)  eta "Lagunak" (2021) klip arrakastatsuen ondoren, talde lanaren emaitza izan da ostiral honetan aurkeztutako "Bizi-Alai" abestia.

Hogei eskola baino gehiagoko LH eta DBHko hainbat ikaslek sortu eta landu dute udako kantua, eta bertso eta musika eskola batzuek ere esku hartu dute. Gazte askok ere, beren kabuz, norbere sormeneko proposamena bidali dute abestia osatzeko. Orotara, 50 musika hitz proposamen jaso ditu "Go!azen"ek, eta, guztira, 552 gaztek hartu dute parte telesail arrakastatsuaren bideoklip berria sortzen. 

Abestiaren musika Iker Laurobak sortu du beste behin ere, eta gaztetxoen lana izan da doinu horri hitzak jartzea. Udako kantuaren behin-betiko letra jasotako proposamenetako esaldiekin osatu da, puzzle bat bailitzan. Hitzak jarri ez ezik, hainbatek ahotsak ere sartu dituzte, azken emaitza horretan entzun daitekeen legez.

Gai nagusia, orokorrean, udara eta honek dakarren poza eta alaitasuna izan dira. Euskara, besarkaden eta musuen itzulera, lurrari maitasuna... Gai horiek ere oso presente egon dira jaso dituzten letretan. Iker Laurobak egin duen moldaketan, gai eta ideia errepikatuenak islatzen saiatu dira, proposamen ezberdinetatik zatitxoak erabiliz.

Ondoren iritsi da kantuaren grabazioa, eta honako aktoreek hartu dute parte: Nerea Elizaldek, Danae Riañok, Lorea Intxaustik, Malen Azpirotzek, Julen Castillok, Joanes Echevestek, Iñaki Mujikak eta denboraldi honetan hasiko diren Mikele Arizkorretak, Kimetz Etxabek eta Eleder Iglesiasek. Bideoklipa filmatzen, berriz, Irunen, Pasai Antxon, Urruñako Wow parkean eta Urumea ibaian ibili dira.

Go!azen 9.0 azaroan iritsiko da EITBra

Atariko erakargarria izango da "Bizi-Alai" bideoklipa udazken honetan estreinatuko den Go!azen 9.0 denboraldiaren aurrean. Uda honetan, grabazioetan bete-betean murgilduta egongo da lantalde osoa, eta komeni da zaleak adi egotea. Izan ere, "bideoklipean azaltzen ez dira, baina jarraitzaileentzako oso ezagunak diren beste lau neska ere agertuko dira aurtengo denboraldian", azaldu dute arduradunek.

Azaroan, eta aurrestreinaldi handien ondoren, "Go!azen" proiektu transmedia ETB1en, eitb.eus-eko webgunean, mugikorretako "Go!azen"en aplikazio arrakastatsuan eta sare sozialetan jarraitu ahal izango da.

Pausoka ekoiztetxearen eta EITBren artean ekoizten den Go!azen proiektuaren babesleak dira Euskaltel, Laboral Kutxa, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Zeuk Esan - Haurrei eta Nerabeei laguntzeko zerbitzuak eta berriro martxan jarriko den Euskaraldia.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista