telebista
Txirrindularitza
Italiako Giroa zuzenean, ETB1en, eitb.eus-en eta Euskadi Irratia Plusen
EITB Media
Telebistako emanaldia 'Ez Da Giro!' saioaren barruan egingo da, 15:00etatik aurrera. eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da.
Maiatzaren 8tik 30era bitartean, Italiako Giroa zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu ETB1en, eitb.eus-en eta Euskadi Irratia Plusen. Lasterketaren zuzeneko emankizunaz gain, EITBk Zaleen erreleboa izeneko ekimena prestatu du, zaleek sortu, grabatu eta bidalitako bideoak jasotzeko. Parte-hartzaileek Etxeondoren materiala eta Donostiako Klasikorako akreditazio bereziak eskuratzeko aukera izango dute.
Maiatzaren 8tik 30era bitartean jokatuko den Italiako Giroaren 104. edizioaren telebistako emanaldia "Ez Da Giro!" saioan egingo da, 15:00etatik aurrera, ETB1en. Alabaina, etapa asko lehenagotik jarraitu ahal izango ditugu ETB4n, 13:30ean edo 14:15ean hasita.
"Ez Da Giro!" saioan esatari eta aditu-talde zabala bilduko da arratsaldero lasterketaren kontakizuna eta analisia egitera. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga, Alfontso Arroio eta Alessandro Rutari gonbidatu bereziak batuko zaizkie egunero. Besteak beste, Aimar Zubeldia, Beñat Intxausti, Amets Txurruka, Abraham Olano eta Unai Osa txirrindulari ohiak, eta letren mundutik datozen eta txirrinduzale diren Andoni Egaña eta Ander Izagirre.
Euskadi Irratian, Streaming Plusen bidez jarraitu ahal izango da Giroa, egunero, 16:00etatik 18:00etara. Joxe Mari Apaolazak gidatuko du tartea eta Jon Altunak lasterketaren kontakizuna egingo du. Mikel Astarloza eta Eugenio Goikoetxea adituek parte hartuko dute, gainera. Euskadi Irratia Plusera eitb.eus-en bidez eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioen bidez sar daiteke. Gainera, eitb.eus-eko streaming bidezko emanaldia ere aplikazioetan izango da ikusgai.
eitb.eus-ek, halaber, Giroaren inguruko atari berezia du eta bertan etapak osorik eskainiko ditu. Horrez gain, "Ez Da Giro!" saioarekin batera, zaleekin hartu-emana sustatuko du.
Batetik, Zaleen erreleboa izeneko ekimen berezia prestatuko dute. Atal berri horretan, zaleen ekarpenak hartuko dira aintzat, eurek sortu, grabatu eta bidalitako bideoak. Era guztietako bideoak graba daitezke: bai norberak bere buruari grabatutako selfie tankerako bideoak —ziklistaren bat animatuz, iragarpen bat eginez edota Giroan edo txirrindularitzan izandako eskarmentuak kontatuz—, bai bideo landuagoak —elkarteren batek egiten duen lana erakutsiz edo taldetxoren batek umorez egiten dituen irtenaldiak laburbilduz—.
Bideoak horizontalean grabatu behar dira, eta ezin dute minutu bat baino gehiago iraun. Bidaltzen den bideoetako bat "Ez Da Giro!" saioan erakutsiko da, emanaldiaren amaieran, beste atal labur batzuen artean, eta besteak eitb.eus-en Giroak izango duen atal berezian jarriko dira, mundu guztiaren bistara.
Zaleen ekarpena eskertzeko, egunero egingo den zozketan parte hartzeko eta Etxeondoren maillota eta kulota irabazteko aukera izango du bideoaren egileak.
Gainera, Giroaren bukaeran, Donostiako Klasiko biak (emakumezkoena zein gizonezkoena) antolakuntzak gonbidatuentzako jarritako auto batetik jarraitzeko bi akreditazio berezi zozkatuko dira parte-hartzaile guztien artean.
Bestetik, aipatutako bideoen ekimen berri horrez gain, urtero legez, beste lehiaketa bat ere egongo da martxan, telebista-saioan planteatuko diren galderei eitb.eus-en erantzuteko.
Hortaz, Giroan zehar zozketatuko diren sariak irabazteko bi aukera izango dute aurten txirrindularitza zaleek: batetik, euren bideoak bidalita, eta, bestetik, galderen lehiaketari erantzunda.