telebista
Kirolak
Amstel Gold Race lasterketa, futbola eta pilota, asteburuan, zuzenean
EITB Media
Horrez gain, "Helmuga" saioan Sebastian Perez Latigo boxeolari errenteriarra hartuko dute protagonista.
-
Amstel Gold Race lasterketako irudia. EITB Media
Zuzeneko kirol emankizunak izango dira asteburuko kirol eskaintzaren ardatz ETB1en eta eitb.eus-en.
Hasteko, larunbatean, 15:45ean, Bigarren B Mailako Athletic B vs Logroñés partida eskainiko da, eta segidan, Iruñeko pilota jaialdia. Bertako partida nagusia Bibitako Txapelketako finalerdietako ligaxkako Elezkano II-Zabaleta / Altuna III-Mariezkurrena II izango da. Aurrez, Bengoetxea VI-Larunbe eta Arteaga II-Rezusta bikoteak izango dira nor baino nor gehiago.
Igandean, ohi denez, "Helmuga" saioa izango dugu abiapuntu, 11:30ean. Aste honetako protagonista nagusia Sebastian Perez Latigo, 25 urteko boxeolari errenteriarra, izango da. Bere aita, Sebastian Perez, du entrenatzaile. Ibilbide loriatsua egin du orain arte boxeoan. Aita-semeek boxeoa dute bizitzeko modu. Bestalde, Basque Teamek Tokioko Joko Olinpikoei begira egindako erreportaje sortaren bigarren atala surfistei eskainiko diete: Aritz Aranburu, Nadia Erostarbe, Garazi Sanchez, Andy Criere, Ariane Ochoa, Leticia Canales eta Aitor Francesena.
12:00etan Emakumeen Bigarren Mailako Alavés vs At. Madrid B izango dugu ikusgai, eta 15:00etan, Amstel Gold Race txirrindularitza proba.
17:30ean "ETB Kantxa" saioa hasiko da Logroñoko Adarraga pilotalekutik. Dario-Ruiz / Egiguren V-Tolosa norgehiagokak zabalduko du jaialdia eta, jarraian txapelketako Ezkurdia-L. Galartza / Peña II-Albisu jokatuko da.