Itxi

telebista

22:15ean

"El Estado contra Pablo Ibar" dokumental sortaren jarraipena, gaur, ETB2n

EITB MEDIA

Urtarrilaren 10ean hasitakoarekin jarraituz, 2018an egindako bigarren epaiketa izango da nagusi aste honetako atalean.

  • "El Estado contra Pablo Ibar" telesail dokumentala.

    "El Estado contra Pablo Ibar" telesail dokumentalaren irudi bat.

Gaur, urtarrilak 17, "El Estado contra Pablo Ibar" Olmo Figueredo telesail dokumentalaren hirugarren atala eskainiko du ETB2k. La Claqueta PCk, La Cruda Realidadek eta Irusoinek ekoiztutako minisailak sei atal ditu, eta horietan Pablo Ibarren kasua hainbat arlo eta ikuspegitatik aztertzen da; hala nola krimena bera, lehenbiziko epaiketa, ondorengo apelazioa, lekukoak, hasierako epaia eta behin betiko zigorra. Igande honetan, 22:15etik aurrera, hirugarren atala emitituko da. 

Lehen bi ataletan krimenaren inguruko zertzeladak eta apelazioa izan ziren nagusi. Ondorioz epaiketa baliogabetzea lortu zuten, eta 2018an errepikatuko da prozesua.  

Hala, hirugarren atalean, bigarren epaiketari buruz hitz egingo dute. Oraingoan, abokatu hobeak kontratatzeko gai izango da Pablo Ibar presoa, eta lehen aldiz baikor agertuko da, balizko emaitzaren inguruan. Lehen adituak galdekatzean, lehen probak erakutsiko dituzte. Epaiketa Ibarren alde hasiko da, eta bere burua gizon aske gisa ikusten hasiko bada ere, oraindik asko dago aurretik.

"Pablo Ibar" kasua

1994ko uztailean Pablo Ibar atxilotu zuen poliziak eta Miamin gertatutako hilketa hirukoitz bat egotzi zioten: Miramarreko krimena, gaizkileek erakutsitako ankerkeria eta odol hotzagatik gizarte osoa hunkitu zuena. Hiltzaileek ezagutzen ez zuten segurtasun kamera batek bideoan grabatu zuen erailketa guztia. Irudiek, gaizkileetako bat aurpegia agerian duela erakusten dute. Poliziak Pablo Ibar identifikatuko du orduan. Baina errugabea dela dio berak

2000. urtean, ofiziozko abokatu bat duela, Pablori heriotza-zigorra ezarri zioten Seth Peñalverrekin batera. Frogatutzat dute bera dela bideoan agertzen den bigarren hiltzailea. Biak heriotzaren korridorean sartuko dira eta biek ere euren errugabetasuna aldarrikatzen jarraitzen dute. Pabloren familiak diru bilketa kanpaina bati ekingo dio, kasua berrikusteko prozesua oso garestia baita. Tanya emaztea eta aita, Candido Ibar, buru-belarri murgilduko dira lan horretan. Abokatu garestienak kontratatuko dituzte eta auzitegira joko dute beste behin ere. 2013an Seth Peñalver krimenaz libratu eta aske utziko dute. Epaileak, ordea, ukatu egingo du Pabloren helegitea, eta kartzelan jarraituko du. Baina Pablok bere errugabetasuna aldarrikatzen jarraitzen du. 

2015eko apirilean, Benjamin Waxman abokatu berriak apelazioa aurkeztuko du Floridako Auzitegi Gorenean. Bideoko hiltzailea Pablo Ibar ez dela eta errugabe bat hilko dutela frogatzen duten ebidentziak dituela dio.