telebista
22:25etik aurrera
'Euskaraldia 12. eguna… Eta orain zer?' saioa, gaur gauean, ETB1en
EiTB
Saioak Euskaraldiaren inguruko hainbat hausnarketa eta testigantza jasoko ditu, Kike Amonarriz eta Edurne Azkarateren eskutik.
ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean eskainiko dute 'Euskaraldia 12. eguna… Eta orain zer?' saio berezia. Ospakizun saio honek bi galdera nagusiri erantzungo die: Euskaraldiak zein ondorio utzi dituen eta aurrera begira hizkuntza ohitura aldaketek zein jarraipen izango duten.
Kike Amonarrizek datuen interpretazioa egingo du, eta, ondoren, atal berezi bat eskainiko zaio erakundeen arteko elkarlan historikoari; Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua), Ana Ollo (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria), Beñat Arrabit (Euskararen Erakunde Publikoko presidentea) eta Elena Laka (Euskaltzaleen Topaguneko presidentea) izango dira galdera horiei erantzuteko arduradunak.
Aurreko bi saioetan egin den modura, hirugarren atal honek ere Euskaraldian parte hartu duten euskaldunen esperientzia hunkigarri eta ederrak biltzen jarraituko du Edurne Azkarate aktoreak. Tartean, Xabi Paya eta Fredi Paia bertsolariek euskararekin duten harreman bitxi eta hunkigarria ezagutzeko aukera izango da.
Aurpegi ezagunez gain, Akhond Ishaq pakistandarraren testigantza ere jasoko dute. Goi mailako espedizioetan Alex Txikon ezagutu, haren eskutik Euskal Herrira iritsi eta bertan euskaldundu da.
Hizkuntza ohiturak aldatu dituztenez gain, Edurne Azkarate ahobizi zaharrenaren bila hasiko da bere laborategi propioan.
Horiez gain, Euskaraldiaren babesle-sustatzaile izan den CAF enpresara ere joko du Azkaratek. Joxe Begiristain CAFeko euskara arduradunak Euskaraldiaren ondorioak azalduko ditu bertan, eta hamaika egunez ahobizi eta belarriprest rolak bete dituzten bi langile ezagutzeko parada izango du.
Horiek guztiak eta kontu gehiago, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean hasita.