telebista
Txirrindularitza
Emakumeen Euskal Biraren etapa erregina, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A. | EiTB
Etapa bakoitzaren laburpena eskainiko du gauero EiTBk, eta igandean, azken etapa, zuzenean.
Emakumeen Euskal Biraz gozatzeko aukera izango dugu aurten ere Euskal Telebistaren bitartez. Maiatzaren 17an Iurretan hasi eta igandean (maiatzak 21) Errenterian amaituko den laterketari gertuko jarraipena egingo zaio. Larunbatera bitartean etapa bakoitzaren laburpena eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gauero, 21:00etan. Igandean, azken etapa zuzenean jarraitu ahal izango da 'Oreka' saioaren barruan, 12:00etatik aurrera.
Alfontso Arroio izango da emanaldien arduraduna. Igandean, zuzeneko kontakizuna egiteko Xabier Ormazabal lankidea eta Leire Olaberria txirrindularia izango ditu lagun.
Lehen etapa Iurretan hasi eta amaitu da. Aurtengo edizioko motzena izan da: 50 km. Bigarrena Markina Xemein inguruan jokatu da eta 90 km inguruko ibilbide gorabeheratsua osatu dute lasterkariek.
Antzuolan izan du hasiera eta amaiera hirugarren etapak, ostiralean. Lehen 35 kilometroak lauak izan dira, baina ondoren Deskargako mendatea gainditu behar izan dute, besteak beste, eta azken kilometroak aldapan gora egin behar izan dituzte.
Gaurkoa izango da etapa erregina. Etxarri-Aranatzetik abiatuko dira txirrindulariak eta 58 km egin ostean, Aralarko San Migel santutegira helduko dira. Ibilbidean Zaarrarrateko gaina ere igaroko dute.
Errenteria inguruan jokatuko da azken etapa igandean. Bi bira ezberdin osatu beharko dituzte, eta bigarrenean Arkale eta Jaizkibel gainak igaroko dituzte helmugara iritsi aurretik.
Guztira 18 taldek hartuko dute parte 30. Emakumeen Euskal Biran, eta bakoitzak sei txirrindulari izango ditu. Hauen artean, Bizkaia-Durango eta Lointek, Mavi Garcia eta Eider Merino taldeburuekin. Gainera, Ale Cipollinni taldean ari den Ane Santestebanek ere parte hartuko du, eta Lourdes Oiarbidek eta beste euskaldun batzuk ere bai.
Atzerritarren artean, aipagarrienak, Van Vleuten, Asleigh Moolman, Koppenburg, Carlee Taylor, Ann-Sophie Duyck, Shara Gillow eta Cecilie Ludwig, besteak beste.
Biraren kartela
a