telebista
Urteurrena
Agirre lehendakariaren inguruko programazio berezia, ETBn
A.E.| EiTB
Lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urtemugan, ETBk ekoiztutako lehendakariaren inguruko sei dokumental izango dira ikusgai.
Jose Antonio Agirre buru zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urtemugaren ospakizun ekimenen testuinguruan, programazio berezia dugu ikusgai ETB2n. Besteak beste, Ander Landaburuk eta Antonio Cristobalek zuzendutako El Gobierno Vasco en el exilio dokumentala urriaren 8an eman zuen ETBk. Saio guztiak ordutegi nagusian eskaini dira, 22:15ean.
Gure izaeraren ispilu. Agirre Lehendakaria izendapenaren inguruan sortutako proiektuaren barruan, Euskal Telebistak bost dokumental ekoiztu ditu, eta horiexek guztiak ikusi ahal izan ditugu: Buscando a Agirre; urriaren 7an, Quinta planta eta Iragan gunea Berlin; eta gaur, igandea, urriak 9, Voces de papel Markak.
El Gobierno Vasco en el exilio, larunbatean
El Gobierno Vasco en el exilio dokumentalak larunbatean izan du tartea. Trianok ETBrentzat ekoitzitako lanak Jaurlaritzaren ibilbidea kontatu du Gerra Zibilaren hasieratik. Halaber, Estatutuaren onarpena, Agirre lehendakaria buru zuen Jaurlaritzaren sorrera, Jaurlaritzako kideen erbestealdia, demokraziaren ezarpena Espainian, eta Autonomia Estatutua eta Eusko Jaurlaritzaren itzulera errepasatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren historiaren eta berau posible egin zuten pertsonen historian barrena garamatza dokumentalak. Jose Antonio Agirre lehendakaria, eta Manuel de Irujo eta Xabier Landaburu bezalako pertsonaia garrantzitsuak agertuko dira, besteak beste. Halaber, poz eta atsekabez osatutako historia partekatu zuten hainbat lagun ikusiko ditugu. Tartean, Agirre lehendakariarekin erbestera bidean muga gurutzatu zuen Lluis Compays.
Bestalde, pasarte esanguratsuak ere izan dira: Jesus Galindez New Yorkeko euskal ordezkariaren bahiketa, hau Rafael Leonidas Trujilloren agintaritzapean zegoen Errepublika Dominikarrera bidali zutenekoa, eta oraindik ere misterioz beteta dagoen bere desagerpena.
Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren gertakizunak eta Jaurlaritza osatu zuten kideen historia politikoak, profesionalak eta pertsonalak bilduko ditu ekoizpen honek. Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, Leizaola lehendakaria itzuli zenerako unea, demokrazia atzera bueltarik gabe Espainian ezarri zeneko unea, alegia, islatuko dira dokumentalean.
Hau guztia osatzeko berrogeita hamar lagunetik gora elkarrizketatu dituzte, horien artean, gerraren lekukoak, haien ondorengoak, politikariak eta idazleak.
Dokumentala Ander Landaburuk eta Antonio Cristobalek zuzendu dute, eta gidoilari Jose Luis de la Granja, Santiago de Pablo, Ludger Mees, Iñaki Goiogana eta Leyre Arrieta ibili dira.
Ekitaldi berezia Gernikako Batzarretxetik
Ostiral eguerdian, Gernikako Batzarretxean, 11:55ean hasita, urtemugako ekitaldi berezia zuzenean eskaini zuen ETB2k. Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz izenburua duen ekitaldiak bost lehendakari bildu zituen: Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu.
Fernando Bernuesek zuzendu zuen saioa eta Iban Garate izan zen gidaria. Honako hauek parte hartu zuten: Iñaki Salvador, Kukai taldea, Donostiako Orfeoia, Kirmen Uribe, Xabi San Sebastian, Iñaki Rikarte eta Ainara Ortega. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu zen ekitaldia.
Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz
Ostiralean Quinta planta eta Iragan gunea Berlin eskaini zituen ETB2k, eta gaur Voces de papel Markak. Lau lan hauek, guztiak Agirre lehendakariaren egunerokoan eta Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz liburuan oinarritzen dira.
Quinta planta Mikel Ruedak sinaturiko lana da. New Yorken kokatzen da eta besteak laguntzeko euren denbora ematen duten pertsonen zergatiak aztertzen ditu. Jose Antonio Agirre hori bera egiten aritu zen lehendakari lanetan, Parisen 1960an hil zen arte. Mikel Ruedarentzat, ekintzarik xumeenak ere besteengan izugarrizko eragina izan dezake: "Bost axola gure ekimenak garrantzi gabekoak badira ere, horiek ere garrantzitsuak izan daitezke beste askorentzat. Egiten dugun edozerk ondorio eta eraginak dituela uste dut, aldaketak sortarazten dituela, eta hori da dokumental honen abiapuntua".
Iragan gunea Berlin zuzendu du Maider Oleagak. Hiri ezezagun batera euren bizitza berregite asmoz iristen diren bidaiari bakartien bizitzaren erretratua egin nahi du. "Agirre 1941ean iritsi zen Berlinera, erbesteratua, bakarrik eta identitate faltsu batekin. Bere etsaiak zirenen artean bizi izan zen eta ia lau hilabete ondoren handik alde egitea lortu zuen. Ideia hori abiapuntu hartuz, Berlineko kaleetan barna iragan gunean dabiltzan jatorri ezberdineko bost ezezagun erretratatu nahi izan ditut. Horietako bakoitza, beste edozein tokitan bere bizitza izanik eta nora joan erabakitzen".
Markak izeneko dokumentalak Gernikako bonbardaketa du oinarri eta lan horretako zuzendariarentzat, Hannot Mintegiarentzat, dokumentala ez da Agirre lehendakariaren lan historiografiko bat: "Egia da Gernikako bonbardaketak Agirre lehendakaria guztiz markatu zuela, bai pertsona baita politikari bezala. Baina dokumentala pluralagoa egin nahi izan dut, gaur egungo gizon eta emakumeen erretratua, munduaren aurrean herri bat markatu zuen gertakari baten oroitzapenekin eta pisuarekin bizi izan diren gaur egungo gizon eta emakumerena".
Estibaliz Urresolak zuzenduriko Voces de papel ikus-entzunezkoak Frantziako hiriburura garamatza. Herri baten eta bere kulturaren defentsan sutsu aritu zen Agirre lehendakariaren erretratua egiteaz gain, Eresoinka abesbatzaren jaiotza pantailaratzen du, kulturaren eta artearen bitartez, Agirre lehendakariak gerrari aurre egin nahi izan baitzion: "Pertsonaian sakontzen hasi nintzenean, euskal kultura eta artearekiko izan zuen garrantziaz konturatzen hasi nintzen. Garai zail eta ilunak ziren gure herriarentzat baina Eresoinkaren jaiotzarekin euskal kultura Europako antzoki onenetan entzun ahal izan zen".