Itxi

telebista

Tabakalera

Gabon zaharreko kanpaiak Donostiatik eskainiko ditu ETBk

EiTB

Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuta, bi kateetan batera emango dio ongietorria Donostiaren Europako Kultur Hiriburuaren urteari, 2016ari, Tabakaleratik.

  • Pablo Berastegi, Maite Iturbe, Eneko Goia, Ane Rodriguez eta Klaudio Landa

    Pablo Berastegi, Maite Iturbe, Eneko Goia, Ane Rodriguez eta Klaudio Landa

Euskal Telebistak urte amaierako kanpaiak Donostiatik eskainiko ditu bi kateetan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren urteari ongietorria emango dio ETBk Gabon zaharrean. Barbara Goenagak eta Klaudio Landak Tabakaleratik gidatuko duten saio berezian, euskal kulturaren ordezkari nabarmenak eta DSS2016EUko protagonistetako batzuk izango dituzte bidelagun.

'Kaixo 2016' saioaren aurkezpena astelehen honetan egin dute Tabakaleran. Bertan, Eneko Goia Donostiako alkatea, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia, Ane Rodriguez Armendariz Tabakalerako Kultura zuzendaria, Pablo Berastegui DSS2016EUren zuzendari orokorra eta Klaudio Landa ETBko aurkezlea egon dira.

Azken urte hauetan, ETBk toki hauek hautatu ditu urte zaharrari agur esateko: Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Bizkaia Zubia (Portugalete eta Getxo artekoa) eta Elgoibar. Aurten Donostiatik eskainiko ditu kanpaiak, Kulturaren Europako Hiriburu dela hasiko baitu 2016.a. Erronkaz eta ekimenez betetako urtea izango da Donostiarentzat.

Europako Kultur Hiriburutzari bikain ekitea eta Donostiarentzat eta euskal kulturarentzat ikur bilakatu den eraikinetik urtea hastea dira aurten saio honen xede nagusiak. 'Kaixo 2016' berezian, ETBrekin batera, Donostiako Udala, DSS2016EU eta Tabakalera aritu dira elkarlanean.

Eneko Goia alkateak bere poza azaldu du egitasmo honek argia ikusi duelako: "Donostiarentzat hain berezia den urtean, ETBk urte amaiera eta hasiera gure hiritik egin izana albiste ezin hobea da guretzat". Horrekin batera, ETBk saio honekin 2016ko Kultur Hiriburutzaren edukiak zabaltzeko egingo duen ahalegina azpimarratu du. "Eta hau guztia, gainera, ireki berri dugun Tabakalera eraikina agertoki delarik. Honekin guztiarekin, Euskal Herriari erakutsi nahi diogun irudia da datorren urtean Donostia Kulturaren hiriburua izango dela, eta guzti-guztiok izango dutela aukera gurean zerbait aurkitzeko eta Donostiara etortzeko", azaldu du.

Pablo Berasteguik, bestalde, zera gaineratu du: "'Kaixo 2016' saioa abagune berezia izango da Donostia 2016 proiektuaren balioak ezagutzera emateko eta kultur programa osatzen duten ekimen nagusiak pixkanaka gizarteratzen hasteko".

'Kaixo 2016'n, euskal kulturaren protagonistak

'Kaixo 2016' saio bereziaren aurkezleekin batera, kulturan protagonista izan diren lagunak egongo dira, eta, nola ez, DSS2016EUko protagonistetako batzuk. "Emaitza ezberdina, hunkigarria eta harrigarria izango da, eta estetika oso zaindua izango du saioak", azaldu du Maite Iturbek.

Gonbidatuen artean, Gabon zahar honetan Loreak nazioartean aitortza lortu eta atzerriko film onenaren Oscar saria eskuratzeko lehian dagoen ekoizpenaren lantaldeko kide batzuekin egingo dugu topa; Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Egoitz Lasa, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañorekin. Eta Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendaria eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendaria ere izango dira hitzordu berezi honetan .

Horrez gain, musikari eta artista hauek ere egongo dira: Joseba Irazoki, Giorgio Bassmatti, Nagore Etxabe, Haritz Elizegi, Javi Pez, Aritz Zabaleta eta Los Bracos.

"2016ak Donostiako Kultura Hiriburutzaren argia piztuko du munduan. Horrelaxe islatu nahi izan dugu saio berezi honetan, eta argiari garrantzi handia eman diogu. Hain zuzen ere, gida, elementu estetiko eta elementu bisual gisa erabili dugu", zehaztu du Iturbek.

Argi bola handi batek gidatuko gaitu Tabakaleran barrena, ibilbidean topatuko ditugun 2016ko ekimenak erakutsiz: Dance2gether, Hirikilabs, Music Box Festibala, Altzoko Handia, Biziz, Zapart, Winter Solstice Call... Saio berezia Tabakalerako terrazan amaituko da. Bertan, aurkezleek kanpaien kontakizuna egingo dute, eta, ondoren, gonbidatu guztiekin topa egingo dute urte berriak onena ekar dezala eskatzeko.