Faktoria
Animalien zaintza banaketetan
Maskoten zaintza banaketetan: Unaik zakurraren zaintza emazte ohiarekin partekatzen du biek hala adostuta
Ana Estensoro albaitariaren etxeko txakurraz eta alabez senar ohia eta biak arduratzen dira. Klinikan, gero eta jabe gehiagok kontatzen dizkiote maskoten zaintza kasuak, adostu zein gatazkatsuak. Nerea Sologaistua familia abokatuak kontatu dizkigu berak defendatu dituen kasuak eta legeak.
-
Unai eta Tara goizeko paseoan
7:29 min
Haur adina zakur dago gaur egun gure gizartean. Bikoteak banatzen direnean, askok etxeko animalien ardura nork hartu erabaki behar izaten dute. Legeak maskoten zaintza eta bisita erregimena finkatzeko aukera ematen du, haurren kasuan bezala. Animalien zaintzari buruzko gatazka denean berriz, epaileak erabakitzen ditu askotan ardurak, baita animalien bisita erregimena eta pentsioa ere.
Umeen zaintza partekatua eskatu baina zakurra zaindu nahi ez zuen gizon baten kasua kontatu digu Bilboko bpu abokatu etxeko Nerea Sologaistua abokatuak. Emaztea defendatu du berak prozeduran. Zakurra, haurrekin batera txandatuz zaindu nahi zuen andreak. Senar ohiak ordea, alokairuko etxean animaliarik ez diotela edukitzen uzten eta ezin duela argudiatu zuen eta epaileak arrazoia eman zion. Helegitea jarria du abokatuak.
Oso bestelakoa da Altza Klinikako Ana Estensoro albaitariaren kasua. Hiru alaba koxkortu ditu berak, baita zakurra eta katua ere. Dibortziatzean, senar ohiak eta biek erabaki zuten haurrak eta zakurra bien artean zaintzea, eta hala egiten dute, modu malguan, egutegi zurrunen beharrik gabe. Katua berriz, Anaren etxean bizi da. Katuak normalean etxez aldatzean asko estresatzen direlako erabaki zuten katuan etxean geratzea.
Unai Alberdik bazuen aurreko bikotekidearekin katua. Harekin bizi da orain eta lantzean behin hartzen dio Unaik etxean berak zaindu ezin duen kasuan. Katua baino lehenagotik du berak zakurra. 7 urte ditu Tarak. Emazte ohiak eta biek dibortziatu zirenean modu naturalean adostu zuten txandaka zainduko zutela eta halaxe egiten dute. Goizeko aurrenengo paseoa egin dugu berarekin Ergobian.