Baipasa
Sukalde kontuak
Enara Parrak tomate eta burrata gazta entsalada prestatu digu
Esther Murelaga | EITB MEdia
Herbeheretan bizi da da Enara eta 'Roots and Cook' sukalde ataria sortu zuen orain dela urtebete pasatxo. Uda honetan sasoian sasoiko produktuekin eginiko errezetak ekarriko dizkigu astero-astero.
-
Tomate eta burrata gazta entsalada aguakate eta mangoarekin
13:02 min
Enara Parra soraluzetarra Herbeheretan bizi da orain dela 7 urtetik eta hainbat urtez ingeniari lanetan aritu ondoren barruan zeukan zerbait hori kanporatzeko beharrizana ikusi zuen eta 'Roots and Cook' sukalde ataria sortu zuen orain dela urte bete pasatxo. Enara izango da uda honetako gure sukaldaria eta astero-astero sasoian sasoiko produktuekin eginiko errezetak ekarriko dizkigu.
Aste honetan tomate eta burrata gazta entsalda egin digu. Hauek dira 4 pertsonarentzako entsalada egiteko beharrezko osagaiak:
-3 tomate ertain
-Mango bat
-Aguakate bat
-Burrata gazta
-Oliba-olioa
-Gatza
-Piperbeltza
Apaintzeko: Mentafin edo albaka hostoak, eta nahi duenak pestoa ere erabili dezake entsalada gozatzeko.
Eman beharreko pausoak:
1-Tomateak ondo garbitu, muturra kendu eta xerra meheetan moztu.
2-Mango eta aguakatea zuritu eta hezurra kendu eta xerra meheeta moztu.
Behin tomatea, mangoa eta aguakatea moztuta:
3-Plater polit bat hartu eta tomate xerra, aguakatea eta mangoa tartekatzen joan platera bete arte.
Burrata paketetik atera, ura kendua eta:
4-Burrata plater erdian jarri eta laban batekin ebaki batzuk egin barruko krema ateratzeko.
5-Gatz eta piperbeltz pixkat bota entsaladari eta oliba olio txorrozta bat, beldur gabe.
6-Amaitzeko, mentafin edo albaka hosto batzurekin apaindu.
7-Nahi duenak pesto ere bota diezaioke entsaladari gozatzeko.
Eta listo, mahaira eraman eta on egin!