Itxi

Herriak eta Hiriak

Bizkaia

Artxandan dagoeneko ez da jolas-parkearen arrastorik geratzen

Agentzia | Erredakzioa

1990eko otsailaren 9an itxi zituzten Artxandako jolas-parkearen ateak publikoarentzat. Jolas-parkea izan zena eraisteko lanek 153 egun iraun dute, eta uztailaren 9an amaitu dituzte.

1:14

Artxandako jolas-parkearen arrastorik ez da geratzen dagoeneko Ganguren mendian; 1990eko otsailaren 9an itxi zuten parkea publikoarentzat. Zutik zeuden eraikinak eta egiturak eraisteko lanen ondorioz, eraikuntzarik ez da geratzen parkeko lurretan; Ganguren mendiaren topografiaren araberako maila batzuk geratzen dira, eta leundu egin dira ezponda naturalen bitartez, erortzeko arriskua murrizteko.

Zenbait fasetan egin dira eraisteko lanak; lehenengo, eskuz kendu dira (gaika) eremuan zeuden hondakinak (pneumatikoak, bidoiak, ontziak, plastikoak, oholak...), ondoren tratatzeko. Eraikinen barruan, altzariak, komunak, ateak, leihoak, hormak, paperak eta kartoiak eta instalazio elektrikoak kendu ziren. Horrez gainera, lanen adjudikaziodun zen ABEEaren langileek eskuz kendu zituzten, banan-banan, anfiteatroko ia bost mila jesarlekuak.

Hirugarren fasean, hondeamakinek oraindik zutik eta egoera txarrean zeuden egiturak bota zituzten: bulego-eraikinak, leihatilak, jolas-parkeko etxolak, kafetegiak, komunak eta parkearen ezaugarri ziren metalezko piramide gorriak. Eraikinen hormigoia zehatu egin dute, sakonuneak eta zuloak betetzeko eta desnibelak berdintzen dituzten ezpondak egiteko.

Eraisteko lanetan, hondakinak sailka bildu dituzte dagozkien edukiontzietan, hondakin mota bakoitza tratatzeko baimendutako kudeatzaileei eramateko.

Lanon helburua izan da lur guztia zero kotan uztea; horretarako, egiturak bota dira eta lurreko zuloak eta sakonuneak estali. Horrela, desagertu egin dira egituretatik erortzeko moduko elementuak eta landareek estalita zituzten zuloak, pertsonentzat arriskutsuak baitziren.

153 eguneko iraupena

Jolas-parkea izan zena eraisteko lanek 153 egun iraun dute, eta uztailaren 9an amaitu zituzten. Hasieran, 120 egun zen kontratua egiteko epea, baina epe hori luzatu egin da langileen segurtasuna bermatzeko eta eguraldiak eragindako atzerapenengatik (adibidez, otsailean eta martxoan izandako elurteak direla eta).

Lanen likidazioari dagokionez, 869.599 euro erabili dituzte azkenean lan horiek egiteko; beraz, Bizkaiko aurrekontu orokorretan lan horietarako aurreikusitako partida (1,5 milioi euro) % 44 murriztu da.

Construcciones Intxausti SA eta Lezama Demoliciones SL enpresek osatu dute eraisketa lan horiek egin dituen enpresa, Artxanda ABEE (aldi baterako enpresa elkartea), eta Bilbao Arquitectos enpresak zuzendu ditu lanak.