Herriak eta Hiriak
Open House 2018
60tik gora eraikin zabalduko dituzte Open House Bilbao 2018 ekimenean
eitb.eus
Herritarrek itxita egon ohi diren edo ezezagunak diren hainbat espazio ezagutzea da helburua.
-
Iberdrola Dorrea, bisitatzeko aukera emango duen eraikinetako bat. Argazkia: EiTB
Aurten ere Open House Bilbao ekimenta hartuko du Bilbok, irailaren 22an eta 23an, hain zuzen ere. Bigarren edizio honetan, gainera, Barakaldon ere ospatuko da arkitektura jaialdia.
Orotara, Bilboko eta Barakaldoko 60 eraikin irekiko dituzte, herritarrek itxita egon ohi diren edo ezezagunak diren hainbat espazio ezagutu ditzaten.
Iaz, lehenengo edizioan, 35.000tik gora izan ziren bisitariak, eta 350etik gora boluntarioak.
Eraikinen kanpoaldean seinaleak egongo dira, ekimenarekin bat egin dutenak identifikatu ahal izateko. Boluntarioek informazioa emango dute, ilarak kontrolatuko dituzte eta eraikinak erakutsiko dituzte.
Eraikin bakoitzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 pertsona inguruko taldeetan banatuta.
Eraikin bakoitzak ahal duen ordutegia jarriko du barrutik ikusteko; ordutegi horiek jaialdiari buruzko gidan eta webgunean kontsultatu ahal izango dira. Eraikin gehienak bisitatzeko ez da izenik eman behar, nahikoa izango da bertara joatea eta txanda izan arte itxarotea.