Itxi

Herriak eta Hiriak

40 urte

Gasteizko Udalak ikurrina omenduko du Blusen Egunean

Agentziak | Erredakzioa

Uztailaren 25ean izango den ekitaldian, Gorka Urtaran alkateak eta alderdi politiko guztietako kideek hartuko dute parte. Blusak eta neskak gonbidatu dituzte.

  • Gasteizko Udaletxea. Argazkia: Gasteizko Udala (Twitter)

    Gasteizko Udaletxea. Argazkia: Gasteizko Udala (Twitter)

Uztailaren 25ean, Gasteizko Udalak ikurrina omenduko du Udaletxean, bertan lehen aldiz jarri zutenetik 40 urte betetzen direnean. Hala, Blusa eta Nesken Egunean gogoan izango dituzte 1977. urteko udalbatza hartan ikurrina jartzea aho batez erabaki zuten ordezkariak.

Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, alderdi politiko guztietako kideak izango dira Gorka Urtaran alkatearekin batera ekitaldi horretan. Era berean, duela 40 urte ikurrina jartzeko ekitaldian parte hartu zuten blusak eta neskak gonbidatu dituzte bertara.

Udalak gogora ekarri duenez, 1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zuten ikurrinaren erabilera. Urte hartan, Done Jakue Eguna baino egun batzuk lehenago, Gasteizko Udalean eta beste eraikin publiko batzuetan ikurrina jartzea eskatu zuten blusek.

Halaber, Alfredo Marco Tabar garai hartako alkateari eskaera bera egin zioten hamalau alderdik. Egun batzuk geroago, Gasteizko udalbatzak aho batez onartu zuen ikurrina jartzeko proposamena.

Ikurrina duela 40 urte jarri zuten lehen aldiz Udaletxean, Blusaren Egunean (uztailak 25), 09:00etan.

Egun horretako kroniken arabera, gasteiztar asko bildu ziren bertan, eta Maria Jesus Aguirre, Merche Villacian eta Jose Perez de Valderrama zinegotziek ikurrina jarri zutenean bertan bildutakoak txaloka hasi ziren. Blusen ordezkari batek ere hartu zuen parte ekitaldi horretan.

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, uztailaren 25ean egingo duten ekitaldian, ikurrinaz gain, udalbatza hartan parte hartu zuten guztiak omenduko dituzte. Alkatearen esanetan, diktadura atzean utzi zuten eta askatasunaren eta demokraziaren alde agertu ziren.