Itxi

Herriak eta Hiriak

Garellano

Honelakoa izango da Bilboko autobus geltoki berria

eitb.eus

Garellanoko autobus geltokiaren lanak uda honetan hasiko dituzte, eta 18 hilabete iraungo dute.

  • Garellanoko geltoki berria. Infografia: Bilboko Udala

    Garellanoko geltoki berria. Infografia: Bilboko Udala

Galeriak (1)

Garellanoko (Bilbo) autobus geltoki berriaren lanak uda honetan hasiko dituzte, eta 18 hilabete iraungo dute. Ondoren, baina, beste lau urteko lanak izango dira, bertan hotel bat, ikasleentzako erresidentzia bat, gimnasio bat eta dendak eraikitzeko.

Juan Mari Aburto alkateak eta Ricardo Barkala zinegotziak proiektua aurkeztu dute ostiral honetan.

Udalak Construcciones Amenabar eta Excavaciones Viuda de Sainz enpresei esleitu zizkien eraikuntza lanak, Termibus zegoen lur-sailean egiteko.

Enpresa pribatuek 40 urtez ustiatu ahalko dituzte geltokia eta bertako zerbitzuak, eta, ondoren, udalak hartuko ditu bere gain.

Geltoki berria lur azpikoa izango denez, azaleran 12.500 metro karratuko espazioa egongo da, ‘L’ forman, eta, bertan, 9 solairuko hotel bat, ikasleentzako erresidentzia bat, gimnasio bat, dendak eta hainbat zerbitzu izango dira.

Alkateak nabarmendu du proiektua “giltzarria” dela hiriaren etorkizunarentzat, Garellanoko geltokia intermodala izango baita. Izan ere, bertan bat egingo dute trenek, Bizkaibusek, Bilbobusek, metroak, taxiek eta ibilbide luzeko autobusek.

Lanak udan hasiko dira (“abuztuan makinak bertan egotea espero dugu”, adierazi du Aburtok), eta 18 hilabete iraungo dute.

Alkateak zehaztu duenez, urtean 5 milioi bidaiarik erabiliko dute geltoki berria. Aireportua, adibidez, 4,5 milioi erabiltzaile izan ohi ditu.

Geltokiak 30 autobusentzako lekua izango du (egungoak baino 10 gehiago), eta, gainera, busei geralekua esleitzeko sistema automatikoa jarriko dute martxan.

Gainera, geltokiaren gainean 12.500 metro karratuko plaza bat egingo dute.

Sarrerak:

- Autobusen sarrera Gurtubay kaletik

- Autobusen irteera Perez Galdosetik Gurtubayra

- Ibilgailuen sarrera Perez Galdosetik

- Ibilgailuen irteera Gurtubaytik

Plaza

- Oinezkoen zuzeneko sarbidea Perez Galdos eta Luis Briñasetik; espazio bakarra izango da dena.

- Pérez Galdós kalea oinezkoentzat egokituko da Luis Briñas eta Gurtubay kaleen artean.

Eraikina, sestrapeko partea:

1. Solairua: mezzanine, txarteldegiak, taberna, kontsignak, bulegoak, merkataritza-gunea, sarbideak metrotik, gune logistikoa, instalazioak.

2. solairua: nasak, kapsula bidaiarientzat, geltokiko instalazioak eta komunak.

3. solairua: aparkalekuak, instalazioak.

4. solairua: autobusen aparkalekuak eta erregulazio-guneak.

Eraikina, sestra gaineko partea, 25.000 m2:

- Beheko solairua, 700 m2, geltokiko sarrera eta zerbitzuak

- Lehenengo solairua: kirolgunea

- Gainerako solairuak: 2.etik 11.era ikasleen egoitza + hotela. Bigarren solairuan hoteleko eta egoitzako terrazak egongo dira.