Gasteizko jaiak
Blusa eta Nesken eguna
Ardo upelek astoen lekua hartu dute Gasteizen
eitb.eus
Basatiak koadrilak Santiago eguneko lehen upel lasterketa irabazi du. Azkarrenak Mikeldi Ibarrola eta Igor Peña izan dira. Koadrila batek debekua desobeditu eta astakume bat atera du.
Gaur uztailak 25 egun handia dute Gasteizen. Santiago egunean, Blusa eta Nesken Eguna ospatzen dute Arabako hiriburuan, Andre Mari Zuriko jaien bezperan. Koadrilek kaleak hartu dituzte. Horietako batzuk berakatzez beteta daude, urte osorako hornitzeko.
Gainera, aurten aparteko berritasunarekin: Astoen lasterketa debekatu ondoren, Arabako Errioxako ardoen eta Aiarako Txakolinaren omenez barrika lasterketa egin dute blusek eta neskek 50 urte geroago.
Beti bezala jaia San Frantziskoko aldapan hasi da goizeko lehen orduan. Dozenaka baratxuri saltzailek aldapa hartu dute. Urte osorako berakatzak erostea ohitura da Gasteizen.
Baratxuriak Gasteizko kaleetan. Argazkia: EFE
Andre Mari Zuriaren plazatik ez oso urrun estreinakoa izan da aurten. Koadrilek asto lasterketa kupel lasterketa batekin ordezkatu dute. 13 blusa eta neska bikotek parte hartu dute.
Toscanako udalerri batean antolatzen duten beste lasterketa batean oinarrituta dago. Izan ere, Montepulcianoko lasterketa 1974. urtetik egiten da eta XIV. mendetik egiten zuten zaldi lasterketa ordezkatzeko asmatu zuten.
09:30ean erlojupekoa egin dute, finaleko irteera txandak erabakitzeko.
Basatiak koadrilak Santiago eguneko lehen upel lasterketa irabazi du. 400 metroko zirkuitu bati hiru itzuli eman dizkiote hiriburuko erdialdean, 57 kiloko barrika bultzatuz. 25 bikotek izena eman zuten, baina azkarrenak Mikeldi Ibarrola eta Igor Peña izan dira.
Karraxi koadrilako bikotea, ostera, azken tokian sailkatu da.
Lasterketak arrakasta izan du. Hala ere, blusen koadrila batek debekua desobeditu eta astakume bat atera du. 1.500 euroko isuna jar liezaiokete.
Bestalde, San Frantzisko aldapako eta Errege ateko 96 postuetan baratxuriak erosteko aukera izan dute gasteiztarrek. Salneurriak iaz baino zertxobait garestiagoak izan dira, 10-18 euro txirikorda bakoitza.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, blusak eta neskek ohikoa paseoa egingo dute zezen-plazara arte.