Gaztea

Uda

Euskal Herrian eguraldi txarrarekin egiteko bost plan merke

Gaztea | EITB Media

Uztaila erdi aldera helduta, eguraldiak ez digu udaz gozatzen utzi. Eguraldi tristeaz aspertuta daudenentzako plan sorta sortu dugu.

  • Uda Euskal Herrian

    Uda Euskal Herrian. Argazkia: EFE

Uda giroaz gozatzeko aukerarik izan ez dugun honetan, Euskal Herrian eguzkirik eta berorik gabe egin daitezkeen planen bilduma sortu dugu Gaztean.

Beharko dituzun gauzak honakoak dira: jertse bat, xira eta aterkia (euria bada), zapatila aproposak eta ondo pasatzeko gogoa.

Herrietako jaietako kontzertuez gozatzea

Udarekin batera datoz herri eta hirietako festa gehienak. Ekainetik hasita, ziur jairen bat izango duzula, ia egunero, inguruko herrietan.

Aste barruan zein aste bukaeran, kontzertu batera gerturatu eta lagunekin zuzeneko musikaz gozatzeko deia egiten dizuegu. Sartu jaiak.net-en eta begiratu zein talde edo artistak jotzen duten zuen inguruko festetan.

Piknik bat, 'b plan' batekin

Lagunekin edo familiarekin biltzeko aitzakia polita da elkarrekin bazkaltzea. Bakoitzak plater bat prestatu dezakezue, mahai-zapi bat hartu eta bilatu bista politak dituen txoko bat.

Janariaz gain, musika entzuteko bozgorailu txiki bat eraman dezakezue, baita kartak edo mahai jolasen bat ere.

Kontuan izan oso litekeena dela eguraldi txarrak plana zapuztea, baina badaukagu horretarako irtenbidea: txokoa bilatzeko orduan, konprobatu lekutik gertu aterperik ote dagoen.

Karaoke lehiaketa bat antolatu

Lasai abestu dezakezue, ezinezkoa delako eguraldiak okerrera egitea. Elkartu maite duzun jendearekin, jarri YouTube gailu elektroniko batean eta atera barruan duzun guztia.

Karaoke profesionalak mikrofonoak behar ditu. Hala ere, eskura ez badituzue, antzeko forma duen etxeko edozein objektuk balio dizue. Bikoteka lehiatu zaitezkete, taldeka edo banaka. Festa animatzen bada, dantza bataila batean bukatu dezakezue eguna (edo gaua).

Telesail edo film maratoia

Aurrekoaren antzerako antolaketa eskatzen duen plana. Oraingo honetan, baina, konpainian zein bakarrik egin dezakezu.

Aukeratu itxura ona duen pelikula edo filma, prestatu jateko eta edateko zerbait, jaitsi etxeko pertsianak eta eman playari.

Maratoi bat egiteko proposamen batzuk, Gaztearen eskutik: Shameless (Netflix, Prime Video), The 8 Show (Netflix), One Day (Netflix), Beef (Netflix), True Detective (Prime Video), Chernobyl (Max), Heartstopper (Netflix), Esta mierda me supera (Netflix), Podría destruirte (Max), Itxaso (Primeran) eta The Night Of (Prime Video).

Turismoa, jertsearekin

Uda da eta denbora librea daukagu. Euskal Herrian bizi gara, ez gaitu eguraldi kaskarrak geldiaraziko.

Aprobetxatu etxetik gertu duzun eta inoiz bisitatu ez duzun leku horretara hurbiltzeko.

Herri edo hiri bat bada, ez kezkatu eguraldiagatik. Jantzi jertse bat eta eraman badaezpadako xira, eta aurkituko dituzu babesteko taberna, denda eta aterpeak.

Mendia edo hondartza bada, euri askorik egiten ez duen bitartean, prestatu motxila aurretik aipatutako badaezpadakoekin eta atera abentura bila!