Albisteak

Errepasoa

Delorean, Modus Operandi eta Willis Drummond, asteburuko kontzertuen agendan

Itziar Urdapilleta | Eitb.eus

Musika-hitzordu ugari izango ditugu egunoetan. Izaki Gardenak, Montauk, Inoren Ero Ni, Muted, Niketz, Governors eta beste hainbat talde arituko dira asteburu honetan gurean zuzenean jotzen.

  • Modus Operandi

    Modus Operandi

Urtarrileko azken asteburuko agenda prest dugu Gaztean, planak egiten hasteko:

OSTIRALA

Modus Operandi taldeak ostiral gauean Alegiako gaztetxean eskainiko duen kontzertua aipatuz hasiko dugu asteburuko agendaren errepasoa Gaztean. Horrez gain, Inoren Ero Nikoak Donostiako Txantxerrekan arituko dira zuzenean. Horiez gain, talde gehiago arituko dira gurean: Nikotina, Brigade Loco eta Criminal Remains, Andoaingo Gaztetxean, eta Dead Furies, Sopelako La Triangun.

Bestalde, Huntzak Xilema diskoa aurkezteko bira hasiko du ostiral honetan Glasglow hirian, Eskozian.

LARUNBATA

Ufestuek eta Governors taldeek girotuko dute larunbat gaua Baionako Gaztetxean; Muted eta Niketz Bilboko Azkena Rock aretoan izango dira, eta Delorean taldekoak Intxaurrondoko Kultur Elkarteko oholtza gainera igoko dira 22:00etatik aurrera.

Inoren Ero Nik hitzordu bikoitza du asteburuan; izan ere, ostiralean Donostian arituko da eta larunbatean Gasteizko Jimmy Jazz aretoa girotuko du, Willis Drummondekin batera. Capsulla taldeak ere, Arabako hiriburuan emango du kontzertua, Helldoradon.

Azkenik, Iruñeko musika-eskaintza errepasatzeko orduan, Izaki Gardenak eta Montauk Indara aretoan izango direla ikusi dugu.