EITB TALDEA
Kaixo 2025, Gasteiztik
Gasteizko Plaza Berrian egingo du EITBk Gabonzahar saioa, zuzenean, eta bertaratzeko deia egin die herritarrei
eitb media
2025ari ongietorria emateko EITBk zuzeneko ekitaldi zirraragarriena antolatu du Gasteizen: su artifizialak, eta bertaratzen direnentzat mahatsak eta kotilioi poltsatxoa, 23:00etatik aurrera.
-
Gasteizko Plaza Berritik eskainiko ditu EITBk kanpaiak
Gasteizko Plaza Berritik, ohi duen legez, agurtuko du urtea EITBk, zuzenean, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en, Ilaski Serranok, Julen Telleriak, Leire Martinezek eta Africa Baetak aurkeztuta, Iñigo Agirre eta Egoitz Txurrukarekin batera.
Aurten ere deia eta gonbita zabaldu nahi du EITBk: 23:00etatik aurrera, mahatsak eta kotilioi poltsatxoa banatuko ditu Arabako hiriburuko Plaza Berrian, bertaratu eta ospakizunarekin bat egingo duten guztientzat. Hala, festa handia bilakatuko du EITBk Plaza Berria, eta bertaratzen diren guztiekin, musikarekin, su artifizialekin eta hainbat sorpresarekin esango dio agur urteari eta emango dio ongietorria 2025ari.
Hain zuzen ere, gauerdiko kanpaien ondoren, orain arte Euskal Telebistan inoiz ikusi gabeko musika eta dantza ikuskizuna eskainiko da ETBn, Euskal Herriko talderik handienetako baten eskutik, urteari behar bezala ongi etorria emateko: Bulegok 2025eko maiatzaren 10ean hasiko den Euskaraldirako sortutako Gure Bihotzaren Taupadak abestia kantatu eta dantzatuko du.
Horretarako, taldekideekin batera, dantzari talde bat arituko da sorpresaz betetako koreografia batekin eta argi efektu ikusgarriekin. Hain zuzen ere, Durangoko Azokan aurkeztu zuen Bulegok abestia, Euskaraldiari begira. Kantu dantzagarria da, euskararen erabilera sustatu, bultzatu eta zabaltzen lagunduko duena. Beraz, 2025a euskaraz eta dantzan hasiko dugu ETB1en eta ETB2n.
Gasteizko Plaza Berritik eskainiko ditu EITBk kanpaiak
Ilaski Serrano eta Leire Martínez, kanpaietan estreinakoz
ETB1en lehen aldiz Ilaski Serrano izango dugu kanpaien emanaldian, Julen Telleriarekin. Plazan bildutakoei elkarrizketak egiten Iñigo Agirre izango dute. ETB2n, berriz, Africa Baetarekin batera, estreinakoz, Leire Martinez aurkezle eta kantaria arituko da. Egoitz Txurrukak, berriz, plazako giroa jasoko du. eitb.eus-en zuzenean eskainiko dira bi emanaldiak.
Beste behin, euskal diseinatzaileak arduratuko dira EITBko aurkezleak janzteaz. Ilaski Serranok Getaryren jantzia eramango du eta Julen Telleriak Neu etxekoa. Iñigo Agirre, berriz, Aldabaldetreku jostundegiak jantziko du. Eder Aurrek aurten ere Africa Baetaren arropa diseinatuko ditu; eta Leire Martinezentzat, lehen aldiz kanpaietan lanean aritu den marka bat: Yolanda Torres. Azkenik, Txurru, Julen bezala, Neuren diseinuekin agertuko da.