EITB TALDEA
FesTVal 2024
Ekimen egitarau betea izango du EITBk FesTVal jaialdian, Gasteizen
EITB Media
Programen aurkezpenak, aurrestreinaldi eta jardunaldi profesionala egingo ditu irailaren 2tik 7ra bitartean izango den telebista jaialdian.
-
EITBko aurpegi ezagunak, 2023ko jaialdiko itxiera galan
Gaur goizean, FesTValek aurtengo jaialdiaren edizioa aurkezteko prentsaurrekoa egin du. Joseba Fiestras zuzendariarekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak izan dira ekitaldian. Bertan, irailaren 2tik 7ra izango diren ekimen eta estreinaldien programa aurkeztu da, eta ohikoa den bezala, EITBk, hasieratik ikus-entzunezko jaialdiaren babesle izanik, presentzia nabarmena izango du eta datorren denboraldirako apustu nagusiak hurbilduko ditu.
Asteartean (irailak 3), Euskal Telebistaren denboraldi berriaren aurkezpena egingo da Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan, ETBko aurpegi ezagunenek hartuko dute parte, eta ikasturte berrirako apustu eta berrikuntzak aurkeztuko dituzte.
Asteazkenean (irailak 4), MAKUSI gaztetxoentzako plataformak bere lekua izango du Andre Maria Zuriaren plazan. MAKUSI zaleek gainera, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna izango dute bertan ikusgai arratsaldeko 17:00etan.
Hurrengo egunean, irailaren 5ean, "Generación Porno"ren arrakasta eta entzutearen ondotik iritsi den "Generación Click" saio berriaren aurkezpena egingo da Europa Jauregian. Egun berean egingo da, halaber, PRIMERANen ikusgai izango den "Acoustic Home" musika dokumental sailaren aurkezpena.
Horrez gain, irailak 6an, EITBren jardunaldi profesionala izango da ProfesTVal topaketen barruan. Ikus-entzunezko sektoreko profesionalei zuzendua egongo da, eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiaren partaidetzaz.
Irailaren 6rako, gainera, EITBk Europa Jauregia gorde du, datorren denboraldiko ETBren ustekabeko apustu garrantzitsuaren aurrestreinaldia egiteko.
Amaitzeko, irailaren 7an egingo den sari banaketa galak itxiko du jaialdia. EITBko ordezkaritza zabalak hartuko du parte Europako Jauregiko ekitaldian.