Itxi

EITB TALDEA

FesTVal 2023

EITBko kirol zerbitzuak eta TOKIKOM elkartea sarituko dituzte aurtengo FesTValen

EITB Media

Euskal Herriko tokiko hedabideen sareak jasoko du aurtengo EITB Saria, eta EITBko kiroletako lantaldeak, berriz, Gasteizko telebista jaialdiaren sari berezia.

  • TOKIKOMen 10. urteurreneko ospakizuneko argazkia

    TOKIKOMen 10. urteurreneko ospakizuneko argazkia. Argazkia: TOKIKOM

TOKIKOM elkarteak jasoko du aurten EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko 76 toki komunikabidek osatutako sarearen 10 urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu. Hamarkada horretan, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa galdu ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko. 

Bestalde, EITBko kirol zerbitzuentzat izango da FesTVal jaialdiaren 15. edizioko sari berezia. Kiroletako talde osoaren profesionaltasuna nabarmendu dute eguneko kirol informazioa eskaintzeko eta euskal kirolari zabalkundea egiteko, baita emakumezkoek egindako kirolaren erakusleiho izateko ere. Halaber, zuzeneko emanaldietan berritasun teknologikoak sartzeko egiten duten ahalegina azpimarratu dute, ahal den ikusgarri eta modu zehatzenean datuak eskaintzeko. 

EITB ikus-entzunezko hedabideak dituen Komunikazio Taldeak presentzia nabarmena izango du irailaren 4tik 9ra egingo den FesTVal jaialdian. Urtero bezala, udazkeneko programazioaren aurkezpena egingo du jaialdiaren barruan eta jardunaldi profesionala antolatuko du ikus-entzunezko sektorearekin. Horrekin batera, denboraldi berriko apustuetako bat aurrestreinatuko du:  "La Caza: nada es lo que parece", ETB2ko reality berria.