EITB TALDEA
Mundu biraren 500. urteurrena
Elkano Itsas Herria iritsi da Hondarribira
EITB Media
EITB Elkano Fundazioarekin elkarlanean ari da lehen mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizunek bultzatutako ekitaldi eta ekimenetan. Halaber, uda honetan antolatutako Itsas Herria euskal kostaldeko zeharkaldi kulturalaren jarraipena egiten ari da.
EITB Elkano Fundazioarekin elkarlanean ari da munduari egindako lehen itzuliaren 500. urteurreneko ekitaldi eta ekimenetan, eta, horri lotuta, uda honetan euskal itsasertzetik igarotzen den Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturalaren jarraipena egiten ari da. Hain zuzen ere, arratsalde honetan iritsi da Hondarribira Elkano Itsas Herria, eta ekimenak bihar abiatuko du mugaz gaindiko fasea, Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas historiaren bitartez itsasoarekiko harremana berreskuratzeko uda honetan euskal itsasertzean zehar dabilen zeharkaldi kulturalak.
Elkano Itsas Herria Hondarribian egongo da uztailaren 20tik 24ra bitartean, eta jarduera gehienak Kai Zaharreko gunean jazoko dira, Butroe Pasealekuaren hasieran. Gaur arratsaldean, 19:30ean, harrera ekitaldia izango da, eta bertan izango dira Alaia Martin bertsolaria eta Xabier Alberdi historialaria, Euskal Itsas Museoko zuzendaria. Ekitaldia EITBko aurpegi ezagun batek aurkeztuko du Joseba Olagarai kazetariak, alegia.
Kai Zaharrean Elkano Itsas Herriaren erakusketa ibiltaria ikusi ahal izango da egun hauetan guztietan. Erakusketa hori hainbat gai-multzok osatzen dute, eta itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia nabarmentzen dute. Astronomia tailerra ere izango da, Virginia Garcia Aranzadiko astronomia saileko arduradunaren eskutik (osteguna, hilak 21, 19:00etan). Horrez gain, arraun egiteko irteera antolatu dute patatxean nabigatzen ikasteko (ostirala, hilak 22, 15:00etan); eta, azkenik, Urtanta jaialdiak programatutako hainbat kontzertuk osatuko dute Elkano Itsas Herriaren Hondarribiko egitaraua.
EuskarAbenturako partaideak Urtantako kontzertuetan izango dira eta Juanita Larando ontzian nabigatzen ikasteko aukera izango dute. 16 eta 17 urte bitarteko 130 gazte Euskal Herrian barrena dabiltza uztailaren 1etik 31ra bitartean, euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ezagutzen, bisita, tailer, hitzaldi edo jarduera ugariren bidez. Espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa eta Euskal Herriaren historian duen garrantzia da, eta hortik dator Elkano Itsas Herriarekin bat egitea.
Bihar hasi eta uztaila bukaera arte, Elkano Itsas Herria eta Juanita Larando patatxa Hondarribian, Azkainen, Irunen eta Hendaian izango dira.
Elkanoren lehorreratzea, zuzenean ETBn irailaren 6an
Gainera, irailaren 6an, jai eguna Euskadin, euskal nabigatzaileak munduari egindako lehen itzulia amaitu zenetik 500 urte igaro direla ospatzeko, Victoria ontzia Sanlucar de Barramedara iritsi zela gogorarazten duen lehorreratzea egingo dute Getarian, eta EITBk zuzenean eskainiko du.
ETBko albistegiak ere zuzenean izango dira ikusgai kostaldeko hiritik eta, urtemugaren harira, eitb.eus atariak Elkano eta Magallanesen bidaiaren inguruko infografia bat argitaratuko du.