Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITBk, lehen aldiz, Zinegoak jaialdiaren sari nagusia emango du

EITB Media

4.000 euroko saria da. Gainera, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren hasiera eta itxiera ekitaldia streaming bidez eskainiko du eitb.eus-ek.

  • Zinegoak 2022 jaildiaren irudia

    Zinegoak 2022 jaildiaren irudia

EITB ikus-entzunezko taldea otsailaren 28tik martxoaren 7ra ospatuko den Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren bidelagun izango da. Jaialdiaren 19. edizioko sari nagusia babestearekin batera, hasiera eta itxiera ekitaldiak zuzenean eskainiko ditu streaming bidez eta hurbileko jarraipena egingo dio taldeko hedabideetan.

Zinemaren eta kulturaren bidez sexu- eta genero-aniztasunari ikusgarritasuna ematea du helburu Zinegoakek, Bilboko areto ezberdinetan proiekzioak eginez. Sail ofizialean lehiatuko diren filmek Zinegoak Sari Nagusia eskuratzeko aukera izango dute. 4.000 euroko sari hau lehen aldiz EITBk babestuko du eta itxiera galan emango da, Bilborock aretoan, martxoaren 7an. eitb.eus-en streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izango dugun ekitaldi honetan banatuko dira baita ere gainerako sariak: Publikoaren saria, Giza Eskubide eta Aniztasuna, Lesbianismo eta Generoa, Epaimahai Gaztearen eta Seniorraren sariak eta abar.

Itxiera gala ez ezik, otsailaren 28ko irekiera ekitaldia ere zuzenean eskainiko du EITBren webguneak, Arriaga antzokitik. Bertan ohorezko saria jasoko du Albertina Carrik eta Olatz Salvador kantariaren emanaldia izango da.

Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabe, aldarrikatuko du aurtengo Zinegoak jaialdiak. Horretarako, zinema proiekzioekin batera, bestelako edukiak izango dira: arte eszeniko ikuskizunak, hausnarketarako eta eztabaidarako guneak, profesionalen arteko topaketak, ikasleentzako masterclass-ak eta Europako beste jaialdi batzuekin hartuemanak.