Itxi

EITB TALDEA

Gobernu bilera

Jaurlaritzak EiTB Nafarroan hedatzeko hitzarmena luzatzea onartu du

eitb

Orain, Bingen Zupiria sailburuak eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak sinatuko dute testua.

  • Telebista errepikagailuak Nafarroan

    Telebista errepikagailuak Nafarroan. Artxiboko irudia: EFE

Gaurko Gobernu Kontseiluan, EiTBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena luzatzeko baimena ematea jorratuko du Eusko Jaurlaritzak. Akordioaren helburua da bi gobernuek 2016ko uztailean sinatutako eta azken lau urteetan indarrean egon den hitzarmena beste urtebetez luzatzea eta, aldi berean, 2024ra arte isilbidez luzatu ahal izatea aurreikusi dute. Gaur baimenduko den luzapenak ez du aldaketarik ekarriko orain arte indarrean egon den hitzarmenean, eta EiTBren telebista eta irrati kateen emisioekin Nafarroan jarraitzea bermatzen du.

Gobernu Kontseiluak gaur landuko duen erabaki-proposamenak baimena emango lioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean luzapen-hitzarmen hau onartzeko eta sinatzeko. Erabaki-proposamena onartu eta izapide administratiboa egin ostean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak sinatuko dute testua.

Erabaki-proposamenaren testuak jasotzen duenez, “Nafarroako Foru Erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harreman berezia dute, kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturala ezaugarri duena”, eta elkarlanerako tradizio luzea dute, kultura- eta hizkuntza-izaerako erakundeen sorreran eta garapenean elkarrekin parte hartzera eraman dituena, bai eta hainbat arlotan sektoreko akordioak izenpetzera ere.

Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea

Era berean, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluaren arabera, “autonomia erkidego bateko lurreko uhin hertziarren bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa autonomia-erkidego mugakide batean eta hizkuntza- eta kultura-kidetasunak dituen beste batean emititzea zilegi da”, baina horretarako hitzarmen bidez hala erabaki behar da, eta elkarrekikotasuna egon behar da, gogorarazi duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak lankidetzarako protokolo orokor bat dute, Gasteizen 2016ko maiatzaren 10ean sinatua. Protokolo horrek 2009ko uztailaren 3an sinatutako aurreko protokoloan jasotako aurreikuspenak garatu eta berritzen ditu. Protokolo horren bidez, bi gobernuek konpromisoa hartzen dute, ikus-entzunezko komunikazioaren arloan, EiTBren zerbitzuak Foru Erkidegoan zabaldu ahal izateko beharrezko kudeaketak egiteko.

2016ko Lankidetza Protokolo Orokorra garatze aldera, urte bereko uztailean lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publikoen arloan lankidetza-esparru bat ezartzeko. Hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak EiTBren zerbitzuen emisioa gaitzeko hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu zuten, bai LTD bidezko telebistakoa, bai kable bidezkoa. Irrati FM eta/edo DAB gisa Nafarroan, Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40.4 artikuluan xedatutakoaren babesean hartu zuten konpromisoa. 2016ko uztailaren 15ean sinatutako hitzarmenak berak lau urteko indarraldia ezartzen du, baina bederatzigarren klausulan jasotzen denez, amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute gehienez beste lau urtez luzatzea.