Itxi

prentsa oharrak

Aplikazio berriak

EITBko edukiak eskuragarri sakeleko telefonoan

Erredakzioa

EITB taldeak audientzia marka hautsi du Interneten. Halaber, apirilean sarean EITB nahieran asmoa abian jarriko dutela berri eman du zuzendari nagusiak.

Administrazio Kontseiluaren bileran, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak EITBk sakelako telefono eta gisa horretako gailuetarako EITBk prestatutako aplikazioa aurkeztu du. Hartara aplikazio honen bidez, EITBko edukiak eskueran izango dira sakelako telefono eta antzeko gailu horietan: eitb.com-eko berriak jaso, EITBko irratiak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EITB Irratia) entzun, ‘Teleberri’ eta ‘Gaur Egun’ albistegietako laburpenak eta telebista saio nabarmenak ikusi ahal izango dira. Hau guztia Iphone edo Android sistema operatiboa duten smartphone deritzon sakelako telefonoen bidez egin ahal izango da. Aplikazio hau martxorako erabiltzaileen esku izatea espero da.

Aurkezpen honetan, Patxi Arratibel EITBko Estrategia zuzendariak, EITB Taldearen edukiak sakelako telefonoetan, unero izan, erabili eta partekatzeko aukerak duen garrantzia azpimarratu du. Horrez gain, apirilerako Interneten, eitb nahieran egitasmoa prest egongo dela eta udan, eitb.com atariak diseinu berria izango duela aurreratu du.

Halaber, eitb.com-ekin Taldeak emandako urrats handia eta lortutako erantzun ona nabarmendu ditu. Iazko audientzia errekorra gaindituz hasi du eitb.com-ek 2011. urtea. EITB Taldeko webgunearen historiako urtarrilik onena izan da hau, 889.621 erabiltzaile bakar eta 1.704.794 bisita lortu baitira. Hala, % 40 igo da erabiltzaile kopurua iazko urtarrileko datuekin alderatuta eta % 26 urte osoko batez bestekoarekin konpatuz gero.

Goranzko joera hori erakusteko, datu bat: 70.000 lagun dira irrati eta telebista Internet bidez soilik jarraitzen dutenak. Beste datu esanguratsu bat: aurten, urtarrilean, hilabete bakar batean, 81.225 lagun sartu dira eitb.com-en ''Vaya Semanta''ko bideoak ikustera.


‘Ni más ni menos’

Bestalde, ETBko zuzendariak, Miguel Angel Idigorasek, ‘Ni más ni menos’ saioaren berri eman du Administrazio Kontseiluko bileran. ETB-2n izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, otsailaren 28tik aurrera. Egun-eguneko kontuak eta entretenimendua izango ditu ardatz. Klaudio Landa izango du aurkezle eta Arantza Sinobas laguntzaile. Azken ordua arretaz jarraituko du Sinobasek arratsaldeko saio berrian. ‘Aspaldiko’ren lekua hartuko du tarte berriak eta 16:00etan hasiko da.

Bi orduko programa izango da, eta esparru asko jorratuko ditu: dibulgazioa, ikuskizunak, informazioa, pertsonen bizipenak, iritzia, osasuna, eztabaida, gastronomia eta elkarrizketak, besteak beste.