Gaixotasun Kardiobaskularrak
EITB MARATOIA
EITB Maratoiaren erronka martxan dugu: bidali "Eskutitza" abestiaren bertsioa, eskuekin bihotz bat osatuz
EITB MEDIA
EITB Maratoiaren webgunean eskuragarri dago karaoke bertsioa. Proposamenik original, dibertigarri edota hunkigarrienak EITBko albistegi eta saioetan emango dira azaroaren 12tik aurrera.
-
EITB Maratoiaren erronka martxan dugu: bidali "Eskutitza" abestiaren bertsioa, bihotz bat osatuz
2024ko EITB Maratoia hasi da martxa hartzen. Abenduaren 12an izango da ikerketaren aldeko egun handia; baina, ohi bezala, aurretik, badago aukera dohaintzak* egiteko (BIZUM: 33478) eta, jakina, kanpaina solidarioarekin bat egiteko. Edizio honetan gaixotasun kardiobaskularretan jarri du arreta EITB Maratoiak, Entzun bihotzari lelopean eta Hemendik At taldearen Eskutitza abestiak lagunduta. Izan ere, 25 urte betetzen dituzte aurten abestik eta maratoiak.
Martin Urrutia eta Leire Martinez abeslari ezagunek ahotsak eta eskuak elkartu dituzte EITB Maratoiaren aldeko lankidetza artistiko berezi honetan, eta Eskutitza abestiaren bideoklip solidarioa grabatu dute, hainbat elkartekiderekin batera. Bideoklip hori oinarri hartuta, erronka bota digute: Eskutitza doinua abestu, dantzatu… eta eskuekin bihotz bat osatu.
Horretarako, EITB Maratoiaren webgunean eskuragarri dago karaoke bertsioa eta letra, eta jada igo daitezke bideoak Zure bertsiorik onena atalera. Bertan argitaratuko dira jasotako bideoak, eta proposamenik original, dibertigarri edota hunkigarrienak EITBko albistegi eta saioetan emango dira, azaroaren 12tik aurrera.
Aurtengoa urte berezia da EITB Maratoiarentzat, 25 urte egingo baitu gaixotasunen aurkako borrokan laguntzen. Bihotz-bihotzez lagunduko du aurten, edizio seinalatu honetan elementu nagusi izango den bihotz handia baliatuta.
Entzun bihotzari lelopean, prebentzioan jarri nahi du arreta: Gelditzea; nork bere buruari begiratzea; eta entzutea… Gure bihotzari entzutea; eta elkartasun, batasun eta babes keinua izango da. Gure bihotzari entzuteko deia, beraz, bikoitza: nork bere buruari entzutea, prebentzioa bilatuz; eta gure bihotzei modu kolektiboan entzutea, guztion arteko elkartasuna bultzatzeko.
EITB Maratoia 2024
EITB Maratoiak mende laurdena darama elkartasunaren alde taupadaka. 2023an markak hautsi zituen parte-hartzean, elkartasunean eta diru-bilketan: 1.230.000 euro baino gehiago bildu ziren minbizia ikertzeko. Urte hauetan guztietan, gainera, hiru aldiz gainditu da milioiaren langa, eta gizartearen elkartasunari esker, aurreko 23 edizioetan, 8,56 milioi euro bideratu ahal izan dira 127 ikerketa-proiektutara. Ibilbide ikusgarri horri begira, aurtengoa edizio berezia izango da, lortutako guztia ospatu eta eskertu dezagun.