Itxi

Txirrindularitza

Flandrian Zehar

Matteo Jorgensonek Flandrian Zehar lasterketa irabazi du; Van Aertek eta Pedersenek erorikoa izan dute

EITB MEDIA

Visma Lease a Bike taldeko txirrindulari estatubatuarrak denboraldiko bigarren garaipena lortu du; izan ere, Paris-Nizan ere nagusitu zen. Wout van Aert taldekideak eta Lidl-Trekeko Mads Pedersenek, besteak beste, proba utzi behar izan dute, eta zalantzazkoa da Flandriako Itzulian izango diren.

  • Matteo Jorgenson, podiumean, 2024ko Flandrian Zehar proba eskuratuta. Argazkia: EFE.

    Matteo Jorgenson, podiumean, 2024ko Flandrian Zehar proba eskuratuta. Argazkia: EFE.

Visma Lease a Bike taldeko Matteo Jorgenson txirrindulari estatubatuarrak irabazi du, asteazkenean, 2024ko Flandrian Zehar lasterketa, Belgikan (UCI WorldTour mailakoa da), eta, horrenbestez, denboraldiko bigarren garaipena lortu du; izan ere, duela hiru aste, Paris-Nizan ere nagusitu zen. Flandrian Zehar proban, Wout van Aert Jorgensonen taldekideak eta Lidl-Trekeko Mads Pedersenek erorikoa izan dute, beste txirrindulari batzuekin batera, eta ezin izan dute lasterketa amaitu; erorikoaren ondorioz, zalantzazkoa da Van Aert eta Pedersen igandean jokatuko duten Flandriako Itzulian parte hartzeko moduan izango diren.

Jorgenson sasoi betean dabil. Helmugarako zazpi kilometro gelditzen zirela jo du erasoa, eta bakarka irabazi du Waregemen. Jonas Abrahamsen (Uno-X), Stefan Kung (Groupama), Tiesj Benoot (Visma) eta Dries De Bondt (Decathlon) 29 segundora helmugaratu dira.

Van Aert eta Pedersen lasterketa uztera behartu dituen erorikoa amaierarako 67 kilometro gelditzen zirela jazo da. Oier Lazkanok (Movistar), bigarren sailkatua 2023ko Flandrian Zehar proban, ezin izan du garaipenaren lehian izan; Lazkanok ez du lortu garaipena jokoan izan duten hamaika txirrindularik osatutako taldean sartu. Gipuzkoarra 47. postuan sailkatu da, Jorgensonekiko 29 segundora.

Hala, Jorgensonek Christophe Laporte taldekidearen lekukoa hartu du (frantziarrak eskuratu zuen garaipena 2023an), eta 78. Flandrian Zehar irabazi du.

2024ko Flandrian Zehar lasterketako sailkapena

1 - JORGENSON Matteo (Visma) 4:07:44

2 - ABRAHAMSEN Jonas (Uno-X) + 0:29

3 - KÜNG Stefan (Groupama) m. t.

4 - BENOOT Tiesj (Visma) m. t.

5 - DE BONDT Dries (Decathlon) m. t.

6 - TARLING Joshua (INEOS) + 0:44

7 - MILAN Jonathan (Lidl) + 1:47

8 - VALGREN Michael (EF Education) m. t.

9 - NORSGAARD Mathias (Movistar) m. t.

10 - GACHIGNARD Thomas (TotalEnergies) m. t.