Teknologia -
Hizkuntza zuzentzailea
Xuxen bateragarria da jada Word 2016rekin
Euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalak berrikuntzak egin ditu: Microsoft programen azken bertsioekin bateragarria izateko eta Elhuyarreko eta Euskaltzaindiko azken aldaketak eguneratzeko.
eitb.eus
Ixa ikerketa taldeak eta Elhuyarrek Xuxen zuzentzaile ortografikoaren azken bertsioa kaleratu dute bi berrikuntza nagusirekin: Word 2016rekin bateragarria da eta Euskaltzaindia eta Elhuyar hiztegietako azken hizkuntza-irizpideak jasotzen ditu.
Xuxen argitaratu ostean Microsoftek Office paketeko programak berritu dituenez, zuzentzailea eguneratu dute, berrikuntza horiek ere jasota, Xuxen 5.1 bertsioan. Aurrekoarekin alderatuta, akatsak eta proposamenak berdin adieraziko ditu programak Worden.
Akats ortografikoak gorriz azpimarratuko ditu, eta berdez/urdinez, akats gramatikalak eta Euskaltzaindiak hobesten ez dituen hitzak.
Xuxen Word duten erabiltzaileen artean ezaguna den arren, PowerPoint, Outlook, LibreOffice eta OpenOffice softwareekin, Firefox, Chrome eta Internet Explorer nabigatzaileekin eta Adobe InDesign eta Hunspell programekin ere izango da erabilgarri.
Ordenagailuan instalatuta zein on line erabil ahalko dugu, mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idazteko, gure nabigatzailerako bertsioa deskargatu ondoren.