Politika -
Auzitegi Gorenaren epaia
ETAren aldeko mezuak bertxiokatzearekin nahikoa, terrorismoa goratzeagatik zigortzeko
Horrela, Auzitegi Nazionalak Andeka Jurado Garciari ezarritako urte eta erdiko espetxe-zigorra baieztatu du Auzitegi Gorenak.
Agentziak | Erredakzioa
Terrorismoa goratzeagatik zigortzeko ETAren aldeko mezu baten egile izatea nahitaezkoa ez dela zehaztu du gaur Auzitegi Gorenak sententzia batean, eduki horiek bertxikotzearekin nahikoa dela baizik.
Auzitegi Goreneko gai penaletarako II. aretoak epaia plazaratu du. Sententziaren arabera, “akusatuak irudia edo mezua propiotzat hartzea edo arrazoitzea ez da beharrezkoa, ezta berak sortzea ere; mezura edonola sartu eta publizitatea ematearekin nahiko da, mezua pertsona askori bidalita”.
Auzitegi Nazionalak Andeka Jurado Garciari ezarritako urte eta erdiko kartzela-zigorra baieztatu du epaiak. 2014 eta 2015 artean, Twitter sare sozialean bideo bat argitaratu zuen, bertan ETAko kideak agertzen ziren, horietako batzuk armaturik.
Gainera, Josu Uribetxeberria Bolinagaren argazki bat bertxiokatu zuen, “Agur eta ohore” lelopean. ETAko kide horren inguruko mezu gehiago argitaratu zituen sare sozial berdinean. Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioaren bahiketagatik zigortu zuten Bolinaga.
Helegitea
Akusatuak helegitea aurkeztu zuen Gorenaren aurrean. Twitter kontuan zabaldutako irudiak eta bideoak mezu, arrazonamendu edo argudio propioak ez zirela azaldu zuen abokatuak, aldez aurretik komunikabideetan zeudela baizik; izan ere, bertxiokatzea horretan datza.
Auzipetuak mezua edo irudia propiotzat hartzea beharrezkoa ez dela erantzun du Gorenak, ezta berak sortzea ere, sartu eta publizitatea ematearekin nahikoa dela baizik.