Mundua -
Charsadda
Gutxienez 25 hildako Pakistango unibertsitate baten aurkako erasoan
Gizon armatuek tiro egin dute Bacha Jan Unibertsitateko ikasle eta irakasleen aurka. Lau erasotzaile taliban hil dituztela baieztatu dute agintariek.
Agentziak | Erredakzioa
Taliban armatuek gutxienez 25 pertsona hil dituzte Charsaddako (Pakistan) unibertsitate batean, Khyber Pakhtunkhwa probintzian (ipar-mendebaldea), iturri ofizialen arabera. Lau erasotzaile hil dituztela baieztatu dute iturriek.
Erasotzaile taldea instalazioetan sartu da, eta Bacha Jan Unibertsitateko ikasle eta irakasleen aurka tiro egin du ikasgeletan zein ikasle-egoitzetan. Terroristek behe-laino trinkoa aprobetxatu dute zentroko harresiak gainditzeko, Reuters albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Segurtasun indarrek dispositibo zabala jarri dute martxan berehala inguruetan, eta biktimen senitartekoak informazioaren zain daude. Gutxienez 70 lagun erreskatatu dituztela baieztatu dute agintariek, baina operazioa ez dute bukatutzat eman.
Biktimen artean, gutxienez irakasle bat eta zenbait ikasle omen daude, baita zaindariak eta poliziak ere.
Gainera, segurtasun indarrek ustezko lau erasotzaile hil dituzte, aurreneko balantzeen arabera, eta 50-60 pertsona zauritu dituztela ziurtatu du bertako bozeramaile batek.
Sharif: "Ikasle eta herritar errugabeak hiltzen dituztenek ez dute federik, ezta erlijiorik ere”
Nawaz Sharif Pakistango lehen ministroa Munduko Ekonomia Foroan dago, Davosen (Suitza). “Atsekabe handia” azaldu du agintariak agiri baten bidez, eta “terrorismoaren mehatxuarekin bukatzeko” konpromisoa berretsi du. "Ikasle eta herritar errugabeak hiltzen dituztenek ez dute federik, ezta erlijiorik ere”, erantsi du. Oraingoz inork ez du bere gain hartu eraso hori.
Charsadda Peshawar hiritik 40 bat kilometrora dago, Pakistango ipar-mendebaldean. Miliziano talibanek eraso ugari egin dituzte bertan azken hamarkadan.
2014ko abenduan hiri horretako eskola militar baten kontra egindako erasoa gogoraraziko dute gaur Pakistango komunikabideek. 140 pertsona hil zituzten atentatu hartan.
Bestalde, atzo gutxienez hamar polizia hil zituzten kontrol postu batean, Peshawar kanpoaldean.